Konfiantzaz eta irrikaz betetako begiak Lourdesen

Lourdesera erromesaldia izango da abuztuaren 8an, Azpeitiko parrokiako Magnificat otoitz-taldeak antolatuta, eta zestoarrak ere izango dira bertan. Egun bateko irteera izango omen da, eta hango elizkizun nagusietan parte hartu ahal izango dute nahi dutenek: gaixoen bedeinkapenean, iluntzeko Arrosario Santuan, antortxen prozesioan…

Ez da lehenengo aldia izango, ezta azkena ere, zestoarrak Lourdesera joaten direla. Gure aurrekoak ere aspalditik joan ohi ziren hara. Liburuetan –guk hemen Arantza Elorzaren ikerketa jarraituko dugu– 1904koa da lehen aipamena. Izan ere, urte hartan Sortzez Garbiaren dogmaren aldarrikapenaren 50. urteurrena ospatzen zen eta, hura zela-eta, Gasteizko Elizbarrutiak (artean sortu gabe zegoen Donostiakoa eta Gasteizkoaren mende zegoen Gipuzkoa) erromesaldia antolatu zuen Lourdesera. Badakigu zestoar talde bat izan zela erromesaldi hartan. Han Lourdesen jarraitzen zuten egitaraua ez zen gaur egungoaren oso desberdina. Esate baterako, arrakasta eta ikusgarritasun izugarria izaten zuen zuzien edo antortxen prozesioak. Baina, jakina, ekintza garrantzitsuenak mezak eta otoitzak izaten ziren.

Hasierako urte haietan, ez zen gaixorik eramaten Gipuzkoatik baina 1909an, Euskal Erromesaldiaren ingurumarian, gaixoak eraman zituzten, mediku baten laguntzarekin. “Hasierako” urte haietan, apenas oso antolakuntza izugarririk zegoen –egunkariek asko azpimarratzen dute han ez zegoela “bracandier” profesionalik, alegia, andazainik, eta dena erromesaldiko boluntarioek egin behar izaten zutela– baina denborarekin indarra hartu zuten ibilaldi haiek. 1930ean, esate baterako, talde ederra joan zen gure herritik: Aizarnatik 18 lagun, Arroatik 5 eta Herrigunetik 18.

1950ean Donostiako Elizbarrutia sortu zen, eta handik lau urtera hasi ziren Gipuzkoa mailako erromesaldiak antolatzen, eta harrez gero, ia urtero-urtero antolatu izan dira eta, jakina, zestoar frankok ahalegin guztiak egin dituzte “Itxaropen ibilbideari” (Uriarte gotzainaren hitzak dira) jarraipena emateko.

* * *

2005eko San Ignazio egunean estreinatu nuen gaur egun daukadan kotxea eta Lourdesera joatea pentsatu nuen, lehenengo aldiz. Pauen pasatu nuen goiza eta bazkalondoren joan nintzen Lourdesera. Orduan hartutako apunteak berreskuratuko ditut hemen.

Hau oso gauza serioa da. Nola azaldu? Milaka eta milaka lagun gune honetan. Gertakariaren tamainak gainditu egiten zaitu eta galdera franko zabaltzen zaizkizu. Zuk badakizu hori sineskeria izan daitekeela, Elizak berak ere kostata eman zuela ontzat miraria eta gainera helburu zehatzekin (Maria goraipatzea momentu berezi haietan). Badakizu Elizako jendea ere (batzuk behintzat, Küng, esaterako) oso kritikoa dela gauza horiekin. Baina lagun pila horiek sinistu egiten dute (Edo sugestionatu egiten dira?).

Ilara ikaragarriak karroetan, prozesioan, batzuek estandarteekin. Uniformeak, kamiseta urdinak, hori biziak, Zestoakoak bezalako laguntzaileak… Arrosarioa megafoniaz.

Nik egin dudan ibilbidea: sartu, jende ugari, prozesioak, eraikuntza kitsch horiek, 20.000 pertsonentzako eliza lurpean, beste bi eliza kitsch- kitschak (marmolezko epigrafia horiek guztiak…). Jendea errezatzen, sinismen osoz.

Haitzuloa edo harpea: jende-lerro handiak zain (bai, neuk ere baiezkoa erabaki dut), bi gizonezko lerro horiek antolatzen. Apaiza errezatzen harpeko aldarean, jende kopuru txiki bat bere aurreko egurrezko eserlekuetan eserita; beste asko harpe kanpoan. Zain egon, eta sartzen hasi gara: denek harria ukitzen dute, etengabe; harria leun-leuna dago. Harpearen ezkerretan lore sorta mordo bat lurrean utzita. Apaizaren eta aldarearen atzetik pasatzen gara. Niretzat sineskeria da. Hala ere, esan dut neure barruan: “Hau egia bada, balio dezala munduko sufrimendua arintzeko”.

Orain paseoan nabil inguruetatik. Harpearen inguruan kandela mordo bat piztuta. Oso irudi deigarria. Gazte franko, ezeren faltarik ez dutenak, zahar ezinduak eramaten. Ezindu psikikoak ere maiz ikusten dira.

Gunetik atera naizenean, herria bisitatzera. Hango denda! Jesukristo agertuko balitz! Astinduko luke latigoa!

Etxera iritsi eta Hans Küng-i “harrapatu” dizkiodan zenbait pasarte (Libertad conquistada): “Lourdesen, nolanahi ere, txunditu egiten naute gaixo kontaezinen begiek, gauez ere ekartzen dituztenak gurpildun aulkietan eta esku-oheetan, eta ehunka kandelen argitan Ama Birjinaren bedeinkazioa hartzen dutenak eta sendatzea [letra etzanean jartzen du] espero dutenak. Konfiantzaz eta irrikaz betetako begiak.  (…) Hemen, itxura denez, Bernardette Soubirous neskatxa eskolagabeari azaldu zitzaion “andrea”, gero “Sortzez Garbia” izenez ezagutuko zena, hain zuzen ere, Pio IX.ak, “Mariaren Aita Santuak”, 1854an hain dogma eztabaidagarria aldarrikatu eta zehatz-mehatz lau urtera. (…) Lourdesetik paseoan hango merkatarien postu artean” (Hans Küng-ek 1957an egindako bidaia).

Hurrengo egunetan, Lourdeseko gauzataz pentsatzen ari nintzela, Halla irakaslearen orritxo hau eman zidan eskura gazte afrikar beltz-beltz batek Donostiako Urbieta kalean, iluntze batean etxerako bidean:

Vidente. Medium. Directo. Profesor Halla. Gran ilustre vidente africano con rapidez, eficacia y garantía. No hay problema sin solución. El Maestro Chamán africano, Gran Medium espiritual Mágico, poderes naturales, en todos los campos de Alta Magia Africana, resuelve todo tipo de problemas y dificultades por difíciles que sean: Enfermedades crónicas, judiciales, matrimoniales, conocedor de los secretos, protección, quitar hechizos, depresión, mal de ojo, limpieza, suerte, romper ligadura, impotencia sexual y lo más eficaz para recuperar la pareja y atraer personas queridas, encontrar pareja, amarres y cualquier problema matrimonial, trabajo y negocios. Él tiene los espíritus mágicos más rápidos que existen y cualquier otra dificultad que tengas en el amor lo soluciona inmediatamente con resultados 100% garantizados. Recibo todos los días de 8h. a 22h. Recuperación de pareja en 7 días. C/ Miguel Alduncín (Rentería)

* * *

Testuan, batez ere neure esperientzia kontatzerakoan, ironia puntu bat erabiltzen dudanez, beharrezkoa ikusi dut post-data hau jartzea gaizki-ulertzeak saihesteko:

Zein naiz ni, arratsalde bateko esperientzian oinarrituta, nire iritzia dela Egia pentsatzeko? Nire ustez, bereizi egin behar dira “mirarien” eta “sendaketen” kontuak, eta hara otoitz egitera joatearena. Mirarien kontuan nik ez dut batere sinesmenik. Hori da arrazoia, nire esperientzia kontatzerakoan, Halla irakaslea aipatzeko. Gure gazte garaian esaten zen “Dios tapa-agujeros” jartzen da hemen auzitan.

Aldiz, hara otoitz egitera eta esperientzia erlijiosoa bizitzera joaten direnekiko egundoko errespetua dut. Eta errespetu eta miresmena dut sinesmenean oinarrituta, urtetan eta urtetan boluntario lan ikaragarria egin duten zestoarrekiko. Horregatik, nire esperientzia errespetuzko harridura batek abiatzen du (“Hau oso gauza serioa da. Nola azaldu? Milaka eta milaka lagun gune honetan. Gertakariaren tamainak gainditu egiten zaitu eta galdera franko zabaltzen zaizkizu”).

Galderak. Hortxe dago denaren “korapiloa”. Eta konfiantza, bai ala ez. Horrek mugitzen du dena.

Argazkia: “Notre Dame de Lourdes”, gure etxeko oroigarria, kristalezkoa, 1950. urte ingurukoa.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide