Konfinamendu garaiko gogoetak

 

Ez ditut zenbatu, baina batek daki konfinamendu  garaian zenbat  bira egin ditudan alde batera eta bestera  etxeko pasiloan. Ez ditu 100 metro  baina beste aukerarik ezean dagoenarekin konformatu behar.

Osasuna nirekin nuen eta hau garrantzitsuena, beldurrak ere bisitatzen ninduen noizean behin, baina azkar uxatu egin behar, bestela hau ere zomorro ikusezina  bezain etsaia baita osasunarentzako. Beldurra badakit ez dela lagungarria, baina  erietxeetan ikusi ditugun irudiak ikusi eta sentimendua duen  nori ez dio barruak buelta ematen. 

Dena den tristurak ez nau zapuztu, beti izan naiz itxaropentsu, garai hobeak berehala etorriko direlakoan. Harantz eta honantz pasiloan eta bitartean burua seme-alaben egoerari begira, gehi etxekoak. Eta bati-bat  haurrak buruan,  itxialdia nola daramaten pentsatzen.

Hainbeste ordu etxean eta ordenagailu aurrean  ere  gehiegi seguruenik. Zenbat gezur,  zenbat albiste manipulatuta sarean, eta egoera honetan denak berauei begira. Gauza ederra da adierazpen askatasuna, baina jendea engainatzeko sortzen diren albiste hauek, ez dakit tokirik behar luketen  komunikabideetan. 

Telebistari ere zerbait begiratu egin behar, Koronabirusaren egoera jakin nahian eta goizetik iluntzera tristura bakarrik sentiarazten zuen, bazirudien beste albisterik ez zegoela munduan. Tertulietan egunero   pertsona berak  gai denak aztertzen, badirudi tekniko edo aditurik  ez dagoela gai bakoitzari dagokionik.

Lehen aipatu bezala,  gai anitz asko eta pertsona berak egunero albisteak aztertzen eta gehienak alderdi kutsu handiarekin,  kate denak  berdintsuak dira niretzako arlo horretan. Egun  telebistak ez dakit   objektiboki informatzen duen, niri haurtzaroko doktrina ekartzen dit burura, erre ke erre, sinesten ez duzuna ere buruan itsatsi nahian.

Egun, denetariko albisteak ditugu eskuragarri eta denak alderdikeri kutsuarekin iristen zaizkigu, diruak   eragin  handiegia duela esango nuke    komunikabideetan. Hala ere berauekin  ohitu beharra daukagu, aldaketarik ez baitut ikusten hurbilean.

Manipulatutako albisteekin  ez doktrinatzeko  bakoitzak bere irizpide sendo bat izatea  da egokiena eta hau lantzen badugu zailago izango dute gizakia artalde bat balitz bezala erabili ahal izatea.

Pasiloko joan etorri hauetan, burua ikusi dun guztia  aztertzen ari da eta esan behar ez dudala egokia ikusi alderdi batzuen jokabidea. Nik uste, izurrite garaian   ideologian gainetik biztanleen osasuna dela  lehenetsi beharrekoa; bazirudien alderdi batzuk azoka batean zeudela, bere botoei zenek etekin hobea atera nahian.  Aipatu gabe ezin utzi, izurrite garaian osasuna lehenetsi beharrean gobernuaren porrota bultzatzen saiatu direnak ere, eta ez dut siglarik jarriko.

Ez zen berehala iritsi, pasilloko joan etorriekin amaitzeko  eguna, lortu bezain azkar zapaldu nituen bide bazterrak eta nire  buruak hartu zuen lasaitu ederra. Izurriteak ekarri dizkigun arazoak arinagoak ziren kaletik begiratuta, nahiz  ez ahaztu  ikusezina den zomorro hau gure artean dagoela oraindik.

Argi izpiak ikusten hasi gara  tunel barruko  iluntasunetik  eta  irtengo dugu amets gaizto  honetatik ere, bidean ikusezina den zomorro honek jaten ez bagaitu behintzat. Dena den bete ditzagun  agintariak ezartzen dizkiguten arauak, denon onerako baitira , bestela   albokoa jartzen dugu  arriskuan eta inork ez du eskubiderik horretarako. 

Amaitzeko eskerrak eman behar erietxe eta zahar egoitzetan baldintza gogorretan lan egin duten guztiei. Izurrite  garai honetan garbi ikusi dugu  osasun sare publiko egoki batek  zenbat laguntzen dioen  gizarteari. Osasunaren zainketa   diruaren arabera ezin dugu bereizi, denon eskubidea delako,  horregatik  gobernuak ez du  zuhur jokatu behar  osasunaren arloan, baliorik handiena  bera  baita  bizitza honetan.

 

Jon Egiguren




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide