Albisteak

Kopla kantuan ospatuko dute Santa Ageda bezpera Arroabean, Lasaon, Aizarnan eta Zestoan

Ohiturari jarraiki, kopla katuan ospatuko dute Santa Ageda bezpera datorren larunbatean Arroabean, Lasaon eta Zestoan. Arroabean bi urteko geldialdiaren ondoren irtengo dira auzotarrak santa eskera. Xabat Illarregi eta Oier Etxeberriarekin  zeharkatuko dituzte auzoko kale eta baserriak. Goizeko 9:00etan bilduko dira plazan, eta Arroa inguruko baserrietan ibiliko dira aurrena. Elkarrekin bazkalduko dute eguerdian eta bazkalondoren, Arroaerrekara joango dira. Handik auzora itzuli dira berriro. Aizarnako eskolan bihar ospatuko dute Santa Ageda bezpera eta larunbat goizean, haur eta gurasoak baserriz baserri ibiliko dira kantuan. Lasaon ere egun osoan zehar ibiliko dira eskean Andoni Egaña eta Iñigo Mantzizidor “Mantxi” bertsolariekin. Eguerdiko bazkari pasaraz gain, afaria ere egingo dute elkartean. Guztira 30 lagunetik gora ibiliko dira.

Zestoan ere goizean goiz bilduko dira santa eske taldeko kideak. Goizean Sastarrain eta Etorra aldean ibiliko dira. Eguerdian kalera jaitsiko dira eta Gisasola egoitzan geldialdia egingo dute. Eguerdian indarrak hartzeko bazkaria egingo dute elkartean, eta bazkalondoren San Joan egoitzara joango dira. Handik Akoa bailarara igoko dira, eta bertan amaituko dute santa eskea. Iluntzean, egunari amaiera biribila emateko, bertso afaria egingo dute Gure Txokoa elkartean, Jone Uria eta Jon Maiarekin.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide