Paperekoa

KULTUEN HERRIA – Jagoba Astiazaran Korta

Maialen topatu dut antzerki taldetik irteten. Estiren zain dago. Itxaropena Dantza taldeko probasaioa, itxuraz, luzatu egin da. Zipristin aisialdi taldean egin ginen hiruok lagun. Amalda abesbatzan ere batera aritu ginen Esti ta biok, Marirekin batera, eta Mari Maialenekin Alima dantza taldean.

Gotzonek oihu egin dit urrutitik: “Aspaldiko! Bizi al haiz?”. Idiakaitz txistulari taldeko agendaren berri eman dit: “San Juanetako krosa eta auzoko festak”. Lasai antzean datoz hurrengo hilabeteak, Santa Kutzak arte. Luken eta Gaskon bikiak gurutzatu ditugu euren musika taldeekin jo ondoren, korrika, bandako probasaiora.

Osteguna da eta ama parrokiko abesbatzan abestera joan ohi da. Sara danbolinerako egin beharreko erreportajea amaitzen ikusi dut tabernan, Aintzane gerturatu zaio txoko feministaren bileran hitz egin denaren berri ematera… Portalera sartzera nindoala, etxe azpiko horman ohar bat: Argazki Elkarteak argazkilaritza kurtso bat antolatu du.

Kultura hitza latineko “colere” aditzetik eratorria dela kontatu zidaten behin. Gure herrian asko eta asko dira kulturaren haziak ereiten dituztenak. Inolako irabazi asmorik gabe, loraldiaren zain, ereindakoa zaindu eta hazten dutenak.

Egia da, kultura, herriak eta herritarrek egiten dutela, baina azken aldian kezkatzen nau ez oten diren norbanako herritarrak bakarrik ari ereindakoa ureztatu eta lantzen. Ez ote duten instituzioek kultura landatzearen ardura guztia herritarren borondatezko lanaren esku utzi.

Antzeko arazoa dute “kapitalean”. Badirudi mahatsak jatearekin batera deskubritu dutela Donostian zer den KULTURA. Aurretik ezer ez balego bezala. Urruneko haizeak txalotu eta babestuz ekin diote kulturaren hiriburutzari. Kontuan izan gabe aspalditik beren txikitasunean Donostian kultur-egile eta eragile asko zeudela. Itxuraz, 2017an desagertuko den olatu bat da kultura.

Eskerrak, beraz, herrian eta herriarentzat kultura egiten duten izen horiei guztiei, azken finean, beraiek baitira herri mailan kultur ekintzak sortzen dituztenak. Ea agintari, politikari, instituzio eta goi karguek hauek behar bezala goxatu eta babesten dituzten. Behin eskatzen hasita, urezta dezatela gehiagotan kulturaren hazia, lore oparoak eman ditzan.

Jagoba Astiazaran Korta




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide