Albisteak

Kulturako diru laguntzak “izoztu” egin dira

Atzo egin zen Zestoako Kultur Taldeen Topagunearen bilera. 2016ko diru-laguntzen inguruan hartu diren erabakien berri eman zuten udaleko kultura, euskara eta gazteria saileko teknikariek.
Gazteria eta euskara sailean, elkarteei eskatutako diru kopuruak emango zaizkiela azaldu zuten bi teknikariek. Kulturan, ordea, ezin izan da. Kulturara bideratutako aurrekontua 30.000 eurokoa da eta herriko elkarteek guztira 53.446 € behar direla aurreikusi dute beraien proiektuak aurrera eramateko.

Zenbait irizpideren arabera, elkarteen eskaera batzuk ez direla finantzatuko erabaki dute (jaien barrukoak, herritik kanpo egiten direnak, gestio gastuak, ikastaroen matrikularen erdia …). Hau horrela, kopurua 40.424 eurora jaitsi da. Hala ere, 30.000 eurora jaitsi behar eta elkarteei aurreko urtean baino diru gehiago ez emateko erabakia hartu dutela azaldu zuten teknikariek. Erabaki hauek, teknikarienak dira oraindik Udal Gobernu Batzordea ez da bildu. Maiatzean bilduko dela aurreikusten da eta orduan hartuko dira behin betiko erabakiak.

Aurten aurreko urtean baino hiru talde gehiagok eskatu dute diru-laguntza eta beste zenbaitek, proiektuak eta eskaintzak sendotzeko asmoz aurrekontua igo dute. Udalak Kulturara bideratzen duen diru kantitatea, ordea, ez dator bat elkarteen beharrekin.

Teknikariek beraien azalpenak emanda, eztabaidarako beta ireki zen. Kulturako aurrekontua igotzea, erlijioarekin lotura duten ekintzak finantzatu bai edo ez, areto nagusi baten beharra, udako agenda edota taldeen arteko elkarlana bezalako gaiez aritu ziren bertaratutakoak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide