Albisteak

LAB sindikatuaren “Ekimen Ibiltaria” ostegun honetan iritsiko da Zestoara

Azaroaren 16 eta 17an Urola Kostan zehar “lan duina bizi duina, antolatu prekarietatearen aurka” ekimen ibiltaria burutuko du LAB sindikatuak. Ekimen horrekin “bizi dugun prekarizazioari aurre egin eta bizitza duinerako aldarrikapena zabalduko dugu Urola Kostako kaleetan” azaldu du sindikatuak.
Zestoara ostegun honetan, azaroak 16, iritsiko da “Ekimen Ibiltaria”. 9:30etan LABeko delegatu batzarra burutuko dute Zestoan, “tailer hau LABkideok egunerokoan kapitalari aurre egiteko bitartekoak konpartitzeko eta langile klasearen berrosaketaren kontzientziazioan urratsak emateko izango da” adierazi dute antolatzaileek.
Ondoren, 12:30ean, elkarretaratzea egingo dute plazan “Sistema publikoaren alde, argiteria herriarena da” lemapean. Elkarretaratzean “udalak hartutako azken erabakia salatuko dugu; orain arte herriko argiterian mantenuaz arduratzen ziren bi udal langile jubilatuko diren aitzakipean, postu hauek amortizatu eta enpresa pribatu bati eman nahi dio lan hau. LABetik argi eta garbi esango dugu lanpostu horien defentsa egingo dugula, baina batez ere udalak aurrera eraman nahiko lukeen edozein pribatizaziori ateak ixten saiatuko gara” dio LAB sindikatuak.
“Ekimen ibiltaria” urriaren 16an hasi zuen LAB sindikatuak Iruñean eta amaiera abenduaren 6an izango du Durangon.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide