Paperekoa

LAGUN BERRIA – Maialen Kortadi Iparragirre

Duela hilabete batzuk ezagutu dut. Oso jatorra da, gauza askotan egiten dugu bat eta ondo ulertzen dugu elkar. Niretzat ezinbestekoak diren baloreak ditu eta hark garrantzizko jotzen dituen gaiak, hala dira niretzat ere. Gauzak pentsatu ahala egitekoa da; ni, berriz, egin edo esan aurretik bi buelta ematen dizkion horietakoa ez, ehun buelta ematen dizkion horietakoa naiz. Goxoa da, gai interesgarriak partekatzen ditugu elkarrekin. Bi seme-alaba ditu. Asko hitz egiten dit haien gainean eta gustatzen zait entzutea. Haurren heziketaz hitz egitea gustatzen zaigu bioi. Maistrak gara eta heziketari buruzko ideiak partekatzen ditugu, baita gure kezkak ere. Ez dugu astean denbora askorik partekatzen baina gustura egoten gara elkarrekin. Inguruko inork ez dit egin ohiko galderaren bat lagun berriari buruz: Gustuko duzu? Laguntasuna baino zerbait gehiago sentitzen duzu? Eta uste dut badakidala zergatik… Neska delako! Eta ni ere bai! Nire buruari galdezka nabil. Mutila izango balitz eta neurri berean hitz egingo banu hari buruz, hitz berak erabiliz, egingo al zizkidaten aurretik idatzi ditudan galdera horiek? Pentsatuko al lukete lagun berri bat besterik ez dela? Edo barretxoarekin begiratuko ote ninduten eta konfidentziazko galderak egingo zizkidaten? Akaso ez; agian, mentalitatea irekitzen ari zait, atzerakoia naizela pentsatu arren. Ez dakit… Baina esango nuke oso errotuak ditugula oraindik ere gizarteak edo erlijioak txertatutako hainbat ideologia, jarrera…

A, eta ez, ez naiz lagunarekin maitemindu. Ez dut esango neskak gustatzen ez zaizkidanik. Gure amarengandik hasita, bederatzi emakumek osatzen dugu familia. Maite ditut etxeko emakume guztiak. Etxetik kanpoko beste hainbat ere bai. Bai, gustatzen zaizkit emakumeak eta baita gizonezkoak ere. Gustatzen zaizkit pertsona ederrak. Eta asko gustatzen zait askatasuna; maitatzeko askatasuna eta bizitzeko askatasuna. Duela gutxi bi emakume ederren ezkontzako amabitxia izan naiz. Eta gauza horiekin batera kontuan daukat ekainaren 28an LGTB eguna dela. Nire lagun maite batek nahi zuen udalak egun hori aintzat hartzea, beste hainbat bezala. Horren faltan nire aletxoa jartzen saiatuko naiz.

Maialen Kortadi Iparragirre




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide