Lan Erreformaren aurrean

Espainiako politika instituzionalean azken hilabeteak gorabeheratsuak izan badira ere, onartu dute azkenean Lan Erreforma Kongresuan; aurretik patronalarekin eta gehiengo sindikalarekin adostuta.

Lan Erreforma honek patronalaren eta eskuineko politikari askoren oniritzia izan du, eta ez da gutxiagorako. Espainiako Gobernuak Europatik zetozen “gomendioei” men egin die trukean Europar Funtsak eskuratuko zituztela kontuan hartuta; eta horrela atera da aurrera, kapital handiaren behar estrukturalei erantzuten dien Erreforma. Behin eta berriz aipatutako burgesiaren ofentsiba politiko eta ekonomikoaren baitan ulertu behar dugu, beraz, Lan Erreforma hau.

Erreformaren ezaugarri teknikoei begiratuta, esan daiteke, Alderdi Popularrak 2012an ezarritako erreformaren oinarriak mantentzen dituela; adibide garbiena kaleratzeen prezioa bere horretan mantentzea izan delarik. Behin-behinekotasunak, berriz, bere horretan jarrai dezan baldintzak uzten ditu, ERTEak normalizatzen eta aldizkako langile finkoen figura hedatzen dituelako, enpresak langileak nahierara erabil ditzan.

Horrez gain, aurka agertu diren gainontzeko politikarien, hau da, beren burua ezkertiar izendatzenduten horien papera ere salatu beharrekoa da. Europar Funtsak onartzearen alde agertu ziren bitartean, orain horren ondorio den erreforma hau gaitzestea oportunismo hutsa da, jakinik txanponaren bi alde zirela funtsak eta erreforma hau. Zirko parlamentario honetan parte hartzeak berak langileriaren proiektu politiko iraultzaile oro oztopatzen du, eta hori da sozialdemokraziak eta bere inguruko sateliteek egiten dutena behin eta berriz.

Horrez gain, gehiengo euskal sindikalak ere zirku horretan bere lekua izan du, gutxi baitu eragiteko Erreforma honen kasuan. Izan ere, funtsezko indar korrelazioa kapitalaren eta lanaren artean ematen da eta ez Euskal Herriaren eta Espainiaren artean. Horrela, agente sindikal hauek ez dute ahalmenik europar integraziorako marko politikoa, eta horren atzean dagoen Europar Kapital Handia, ezbaian jartzeko.

Argi dugu burgesia handiaren eta sozialdemokraziaren fartsa honetatik kanpoa antolatu beharra dagoela. Guk, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistatik, langileriaren independentzia politikoaren alde jarraituko dugu lanean, burgesiaren ofentsiba orokor hau eta bere mekanismoak salatuz, Lan Erreforma kasu. Horretarako, langileriak egunerokoan dituen beharrei erantzuteko antolakuntza tresnak eskaintzen jarraitzen dugu, hauen bitartez klase antolakuntza sustatzeko, hori baita kondenatzen gaituzten miseria kapitalistatik ateratzeko langileok daukagun berme bakarra.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide