LANDATU DITUGU BALOREAK ZESTOAKO LURRETAN
— 2016-04-26Zuhaitz Egunean festa giroan landatu ditugu pasa den igandean, apirilak 24, balorez betetako Gorosti, Haritz eta Urkiak. Berrogeita hamar bat herritar bildu gara urteen poderioz hazten eta indartzen joango diren zuhaitz horiek Zestoako lurretan sartzeko, eta haur eta heldu parte hartu dugu ekintzan. Euri zaparradarik handienak ere ez gaitu beldurtu, sinetsita baikaude garrantzitsua dela eman dugun pauso hau etorkizuneko Zestoa koloretsuago batera bidean.
Herriko plazatik abiatuta pasa ditugu Idiazpi inguruko belardia, estazio zaharreko zelaiak, bide bazterretako berdeguneak eta Arteagako txokoak. Eta landatu ditugu parekidetasuna, elkartasuna, etorkizuna, aniztasuna eta eraldaketa soziala; amesten dugulako balore horietan oinarrituko den Zestoan. Amets hori ez da, ordea, egun batetik bestera zerutik eroriko. Amets hori eraiki egin behar da, josi, erein, landatu, hazi; guk egin behar dugu balorez betetako Zestoa, eta hau pauso bat gehiago izan da.
Hauek dira zuhaitz bakoitzari ondoan jarri zaizkion mezuak:
Parekidetasuna: “Datozen eta etorriko diren adaxka berriak Zestoa parekide batean bizitzea dugu amets. Hori lortua denean erroak ahaztu ez ditzaten landatzen dugu zuhaitz hau”.
Etorkizuna: “Etorkizuna gure esku dago, itxaropena baldin badaukagu. Gure gohoak iraun bitartean ez da beldurra nagusituko. Geroa gaur landu behar da fruitua bihar ikusteko Noizbait egia bihurtuko den ilusioa lantzen egunero”.
Aniztasuna: “Ahots guztiak, guztiok. Esku guztiak, guztiak. Odol guztia izan daiteke kantu haizean. (Mercedes Sosa)”
Eraldaketa soziala: “Eguneroko bizitzako gauzetan dugu benetako aldaketak egiteko boterea urratsa txikien bidez aldaketa bultzatuz”.
Elkartasuna: “Iritsi dira Zestoara ere kimu berriak, zuhaitz adaxkak lora eta hazi daitezen. Elkar gaitezen denon artean. Eman diezaiogun ura, egarri denean. Eguzki izpiak, hotz denean, gure babesa eta maitasuna behar duenean. Elkartasuna senti dezan, bizi iraun den bitartean”.
Astindu taldetik eskerrak eman nahi dizkizuegu Zuhaitz Egunera gerturatu zareten guztioi. Zuek egin duzue ekintza posible, eta espero dugu hurrengo deialdietan ere elkar ikusiko dugula.
Egin zaitez bazkide