Albisteak

Langabetuei zuzenduriko bilera egin da udaletxean

Iraurgi Berritzenek eta Zestoako Udalak antolatuta, langabezian dauden herritarrei zuzenduriko bilera egin zen atzo udaletxean.

Lehenik eta behin, Zestoako egoera ekonomikoari dagozkion hainbat datu eman zituzten Iraurgi Berritzeneko kideek. Eta ondoren, Iraurgi Berritzenek eskaintzen dituen zerbitzuen berri eman zuten.

Iraurgi Berritzeneko orientazio zerbitzuak bakarkako zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen du. Enplegu zentroari dagokionez, ordenagailu eta sareko zerbitzu bat eskaintzen da honen bidez, lan eskaintza eta formakuntza ikastaroei buruzko informazioa, curriculuma egiteko aholku tailerrak…

Eskaintza eta autoenplegua alorrean, enpresa eta autonomoei aholkularitza zerbitzu bat eskaintzen zaie. Honen barruan ekintzaileei zuzenduriko Lanzituz programa ere aipatu zuten.

Hazilan goi mailako ikasketak dituzten eta 20 eta 34 urte artean dituzten gazteei zuzenduriko programa bat da.

Azkenik, Txertatu merkatuan programa erdi mailako ikasketak dituzten eta 16 eta 29 urte artean dituzten gazteei zuzenduta dago. Ikasketak bukatu eta lanean ez daudenentzat.

Azaldu zuten urriaren 20rako espero dutela webgunea martxan izatea. Bertan, Gipuzkoa eta Urola bailara mailako lan eskaintzak, orientazioa eta formakuntzari buruzko informazioa eskuragarri izango dela adierazi zuten.

Hainbat datu

Eman zituzten datuen arabera, industria da Zestoan aberastasun gehien sortzen duen sektorea, baina zerbitzuen sektorea da lanpostu gehien sortzen dituena.

Langabeziari dagokionez, 2006-2007 urteetan Gipuzkoako tasa %5 ingurukoa zela aipatu zuten. Krisia iritsi zenean, Urola Bailarako langabezia tasa Gipuzkoakoa baino altuagoa zela, baina gaur egun Gipuzkoako bataz bestekoa baino baxuagoa dela azpimarratu zuten. Zestoako datu zehatzei dagokienez, 210 langabe daude, 93 emakume eta 117 gizon. Adin eta ikasketa mailaren araberako datuak ere eman zituzten.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide