Albisteak

Larunbatean izango da Urepele eguna eta bazkarirako txartelak erosteko azken eguna bihar da

Larunbat honetan, ekainak 15,  Urepele eguna ospatuko da. Zestoa – Urepele senidetze egitasmoaren baitan, egun osoko festa izango da herrian.

Bazkari herrikoirako txartelak erosteko azken eguna, ekainak 12

Agiro Mendi Taldeak, jubilaturekin batera bazkari herrikoia antolatu du, egun horretan parte hartu nahi duten guztientzat. Menua, hurrengoa izango da: Hirugiharra eta txorixo pintxoa, errusiar entsalada, txerri kostila plantxan patata purearekin eta ijito-besoa izozkiarekin. Edateko: sagardoa, ardoa eta ura. Bazkarirako txarteleko 15 euroko kostua izango dute eta sarrerak Portalen salgai egongo dira bihar arte, ekainak 12.

Egun osoko egitaraua

Eguna, Zestoako XXII. Ibilaldi Neurtuarekin hasiko da, 8:00etan. 10:00etan Idiakaitzeko txistulariek diana joko dute. Urepeldarrak 11:00ak aldera iriztea espero da eta ordu berdinean hasiko da Urepeleko eta Zestoako ekoizle eta artisauen azoka, 13:00ak arte zabalik egongo dena. 12:00etan Kika Txarangak alaituko ditu herriko kaleak, 14:30ean, herriko plazan egingo den bazkaria hasi arte. Otorduan zeha bertsoak egongo dira eta bazkal osteko kantaldiarekin emango diote amaiaera eguneko ekintzei. 18:00etan  Urepeldarren itzulera izango da.

Urepeleko eta Zestoako ekoizle eta artisauen azoka

Urepelen eta Zestoan ekoizle eta artisaurik ez da falta eta larunbaterako bi herrietako laborari eta sortzaileen azoka berezia prestatu dute antolatzaileek. Zortzi postu jarriko dituzte herriko plazan 11:00tatik 13:00etara. Zestoatik, Ekain (sagardoa, zukua, ozpina), Atristain (eztia), Amalda Biobotanika (kosmetiko eta erremedio naturalak), Ertxiñeko (arrautza ekologikoak) eta Sakonak (barazkiak, esnekiak) jarriko dute postua eta Urepeletik Eñautenea (gazta), Pokoinea (gazta), ⁠Gauerdia (gaztain irin eta krema), Xalbadorreneak (euskal txerria) ekarriko dituzte euren produktuak.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide