Albisteak

Lasaotik Iraetara arteko ibai zatia garbitzeko dirulaguntza jaso du Udalak

Lasaotik Iraetara arteko Urola ibaiko zaborrak bilduko ditu Udalak. Sei kilometroko ibilbidea izango da hain zuzen, eta sei tona inguru zabor jasotzea aurreikusten da. Erakundeak jakinarazi du proiektuaren helburu nagusia Urola ibaia “zaborrez garbi” geratzea dela. Horrekin batera komunikazio eta sentsibilizazio lan bat egitea ere aurreikusten dute, herritarrak “informatu” eta “sentikortzeko”. Eskualdeko beste hainbat herritan ere egingo dute garbiketa.

Eguzki Talde ekologistak “Sakabanatutako zaborren pilaketa fokuak prebenitzen eta zuzentzen lagunduko duten jarduketak egiteko” dirulaguntza lerroa aurkezteko eskaera egin zion Udalari. Erakundean Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuari egin zion eskaera, eta 7.875 euroko laguntza jasoko du lan horiek egiteko.

Udalak azaldu du udazken eta neguko euriteekin “zabor ugari” agertu ohi dela ibai ertzean: “Honako hondakinak agertu dira: kable eta aparatu elektronikoak, gurpilak eta pneumatikoak, teilape zatiak, metalezko egiturak, paletak, gomak, poteak, tetrabrikak, arropa… Horiez gainera, zenbait eremuetan zabor fokoak ere identifikatzen ari da Udala Eguzki talde ekologistarekin elkarlanean: plastiko beltzak eta zuriak, burdinazko eta plastikozko sareak, oihalezko zakuak… Guzti horrek eragina du Urola ibaiko ekosisteman, baita Kantauri itsasoan ere”.

Ibaiaren garbiketa eremua (Argazkia: Zestoako Udala)

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide