Albisteak

Lau antzerki obra eta 560 ikusle inguru bildu ditu aurtengo Zestoako Antzerki Asteak

Joan den larunbatean amaitu zen aurtengo Zestoako Antzerki Astea. Guztira, lau antzezlan izan dira ikusgai aste guztian zehar eta 560 ikusle inguruk izan dute obra hauetaz gozatzeko aukera. Aurtengoan, berrikuntza gisa, “Herri antzerkia, norentzat eta zertarako? Kultur-mahaiaren garrantzia” mahai-ingurua eta antzerki ikastaro bat ere egin dituzte.

Amancay Gaztañaga Zestoako Interpretazio Eskolako zuzendariak jendearen erantzuna “oso ona” izan dela azaldu du. Aurtengo edizioak bereizitasun nagusi bat zuen: Lili inguruan antzeztu zuten “Florida” kale-antzerkia. “Jendeari “Florida” asko gustatu zaio, esperientzia ezberdin hori bizitzea berezia izan da eta hortik balorazio oso positiboak jaso ditugu” esan du Gaztañagak.

Aktoreak ere egindako lanarekin oso gustura daudela nabarmendu du eta datorren urteko antzezlanetan pentsatzen hasiak direla jada. “Florida” obrako kideentzat antzezlan hori kalera ateratzea erronka bat izan dela adierazi du zuzendariak. Kultur aretotik irteteak azpiegitura aldetik plus bat eskatzen duela azpimarratu du eta hori laguntzarik gabe egin dutela. Talde bezala nola funtzionatu duten ikusita oso gustura daudela dio eta datorren urterako udalaren aldetik laguntza pixka bat gehiago izatea espero dutela.

Datorren ikasturteari begira

Urrian hasi ohi dute ikasturtea interpretazio eskolan baina irailerako taldeko hainbat kide biltzen hasten direla azaldu du Gaztañagak. “Ziurrenik izen ematea zabalduko dugu, dagoeneko pertsona batzuk antzerkian hasteko gogoa dutela esan digute. Hori ere udalaren esku dago ordea, gu orain gainezka gaude, ez gaude baldintza onenetan eta udalak hartzen dituen erabakien zain gaude”.

 

Argazkiak: Eider Iturriaga

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide