Albisteak

Literatura, musika eta bertsoa uztartuko ditu Esne Berriketan saioak datorren larunbatean

Bertso-saio literarioa izango da datorren larunbatean. Otsailaren 7an, larunbatez, 18:00etan hasita, Esne Berriketan izeneko bertso-saio literarioa eskainiko da Kultur Etxean. Diziplina desberdinak uztartzen dituen saioa izango da, hitza, musika eta bertsoa ardatz hartuta.

Emanaldian parte hartuko dute Uxue Alberdi idazleak, Amorante musikariak, eta Onintza Enbeita zein Nerea Ibarzabal bertsolariek. Lau sortzaileek proposamen berezia ekarriko dute oholtzara, literatura, musika eta bertsolaritza elkarrizketan jarriz.

Sarrerak 10 euroko prezioa izango du, eta Portalenean jarriko dira salgai. Ekitaldia Zestoako Udalaren, Portal Kultur Elkartearen eta Zestoako Mugimendu Feministaren laguntzarekin antolatu da.

Ekintza hau Zestoako Mugimendu Feministak antolatutako Martxoaren 8aren bueltako egitarauaren barruan kokatzen da. Hurrengo asteetan zehar hainbat ekimen izango dira Zestoan, emakumeen eskubideen aldeko aldarria kalera ateratzeko helburuarekin.

Egitarauaren barruan honako hitzorduak aurreikusi dira:
· Martxoak 1, 18:00etan, Ecos de la tierra dokumentalaren emanaldia Alonderon, ondorengo solasaldiarekin (gazteleraz).
· Martxoak 7, 19:00etan, karropoteoa; eta 21:00etan, afari feminista.
· Martxoak 8, 12:30ean, Martxoaren 8ko manifestazioa plazan.

Argazkia: kultursharea.eus




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide