Albisteak

Luken eta Bera Pascualek emaitza bikainak lortu dituzte Astigarragako xake topaketetan

Anaitasuna Kakute xake taldeko Luken eta Bera Pascual anai-arrebek asteburu bikaina osatu dute Astigarragan jokatutako Gipuzkoako xake topaketetan. Banakako lehian zein taldekakoan nabarmendu dira bi zestoarrak, eta emaitza oso onak eskuratu dituzte.

Larunbatean jokatu zuten benjaminen banakako txapelketa, eta han Luken Pascual txapeldunorde izan zen, zazpi puntutik 5,5 lortuta. Bera Pascualek ere lan bikaina egin zuen, eta bederatzigarren postuan amaitu zuen lau punturekin. Hasierako jardunaldietan goiko postuetan ibili zen Bera, lehen partidak irabazita.

Igandean, berriz, taldekako txapelketan aritu ziren bi anai-arrebak, Anaitasuna Kakute xake taldeko ordezkari gisa, Oñatiko beste bi jokalarirekin batera osatutako taldean. Ezin hobeto jardun zuten laurek, eta txapeldun amaitu zuten, posible ziren 24 puntuetatik 22 eskuratuta.

Gainera, Lukenek eta Berak ez zuten partidarik galdu: Berak jokatutako partida guztiak irabazi zituen, eta Lukenek bakarra berdindu zuen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide