Albisteak

Marga Eizagirrek zinegotzi kargua hartu du

Atzoko osoko bilkura.

Pili Perurenak utzitako lekua beteko du Eizagirrek. Udal jardueran ere aldaketak egongo dira eta horiei irailetik aurrera sartuko dira indarrean.

Maiatzeko udal batzarrean Pili Perurena zinegotziak bere kargua utzi zuen eta atzoko osoko bilkuran Marga Eizagirrek hartu zuen bere lekua. Aurreko legegintzaldian ere zinegotzi izana da Eizagirre eta alkatearen esanetan, “ez da mahai berria berarentzat” . Udal jarduerari dagokionean, aldaketak indarrean irailetik aurrera sartuko badira ere, Mikel Arregi alkateak, antolatzen hasteko, batzarrean hauen berri ematea egokia iruditu zaiela adierazi zuen.

Alde batetik, liberazioei eragingo die aldaketak. Orain artean, Ruben Alberdi eta Nerea Odriozola zinegotziak liberazio herenean egon dira eta irailetik aurrera, hauek beraien orain arteko batzordeetan egoten jarraituko badute ere, liberazioa utziko dute eta Marga Eizagirrek liberazio erdia hartuko du.

Doitzeak batzordeetan

Batzordeei dagokienean ere doitze batzuk egingo dituztela aurreratu zuen Arregik; Ingurumena eta Landa Garapena eta Hirigintza batzordeak fusionatu egingo dituztela esan zuen eta batzorde hori astero biltzea zela helburua. Aldaketaren arrazoiak azaltzerako orduan, Arregik esan zuen Auzoen batzordean hartzen ziren erabaki askok Hirigintza batzordean eragiten zutela eta bi batzordeek lotura sendoagoa edukitzea komeni zela. Modu honetan, auzoei ere garrantzi handiagoa emango zaiela azpimarratu zuen.

Garai batean Auzo batzordean biltzen ziren auzo ezberdinetako kideak, baina aurrerantzean, auzo bakoitzari jarraipen berezitua egiten hasteko asmoa ere aurreratu zuen Arregik. Bestalde, beste erakunde asko bezala, trantsizio energetikoaren gaiarekin ere buru-belarri dabil Zestoako Udala eta bi batzorde hauek bat eginik, esku artean dituzten proiektuei jarraipen egokiagoa egingo dietela ere gaineratu zuen.

Azkenik, Urola Erdiko Mankomunitateko juntari zegokion aldaketatxo baten berri ere eman zuen. Orain artean, Mikel Arregi alkatea eta Nerea Odriozola ziren Mankomunitateko juntakideak eta hemendik aurrera Odriozolaren ordez Eizagirre izango da titularra.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide