Albisteak
Martxan da kiroldegiko bazkidetza kanpaina
— 2022-12-21Zabalik dago datorren urtean kiroldegian bazkide egiteko kanpaina. Udalak jakinarazi du aurrez onartutako prezioek %1,5eko igoera izango dutela. Ordainketa helbideratuta duten bazkideei automatikoki emango zaie alta, eta joan den urtarrilean transferentzia edo txartel bidez ordaindu zutenek, berriz, bazkide izaten jarraitu nahi dutela adierazi beharko dute.
Bazkidetzarekin jarraitu nahi ez dutenek, urtarrilaren 20a baino lehen jakinarazi beharko dute, kiroldegiko harreran, zestoakirola@zestoa.eus helbidera mezu bat bidalita edo 943 147 942 telefonora deituta. Egin ezean, automatikoki 2023rako alta emango zaie. Ordainketa transferentzia edo txartelarekin egin zutenek ez dute ezer egin beharko baja eman nahi izanez gero.
Berrikuntzak
Datorren urtean hainbat berrikuntza izango ditu kiroldegiko zerbitzuak. Abonu mota aplikatzerakoan, esaterako, 2023an urtean zehar betetzen den adina hartuko da kontuan, eta ez alta emateko unean duen adina. Hartara, adibidez, urtarrilean 64 urte dituenak 2023aren zehar 65 betetzen baditu, azken adin-tarte horri dagokion tarifa aplikatuko zaio. Berdin egingo da 15 urte dituztenekin ere. Azken hauek, gainera, urtearen barruan egiten dituztenez, gimnasioko zerbitzua erabili ahal izango dute.
Gazte orduari dagokionez, aurten, 12 eta 15 urte arteko erabiltzaileek ordutegi zabalagoa izango dute aurrerantzean: astelehenetik ostiralera 16:00etatik 18:30era eta larunbatetan 16:00etatik 17:30era. Nolanahi ere, orain arte moduan, adin horretako erabiltzaileek ezin izango dute gimnasioa eta krosfit aretoa erabili. Horrez gain, familia orduan, bazkide batek sei eta hamaika urte bitarteko haurrekin sartu ahal izango du kiroldegira, rokodromoa eta trinketea erabiltzeko, astearte eta ostegunetan, 16:30etatik 18:30era bitartean. Adingabeetako batek, gutxienez, abonatuaren alaba edo semea izan beharko du.
Azkenik, ariketa fisikorako aholkularitza zerbitzua eskainiko dute. Gimnasioan dauden indarra lantzeko eta ariketa kardiobaskularrak egiteko makinak erabiltzeko, ariketa fisikoa egiten hasi nahi duenak edota bestelako zalantzak dituzten bazkideentzat bideratutako zerbitzua izango da Aholkularitzarena. Inoiz ariketa fisikorik egin ez duten pertsonentzat egokia izan daiteke, eta lehen aldiz sartzen diren gaztetxoentzat bereziki gomendagarria. Astelehenetan eta asteazkenetan arratsaldeko 17:30etik 18:30era eskainiko da zerbitzua.
Egin zaitez bazkide