Albisteak

‘Master Caixabank’ esku pilota lehiaketako sarrerak salgai daude oraindik

Abuztuaren 7an, Zestoako Udal Kiroldegian, profesionalen arteko “Master Caixabank” lehiaketako esku pilota jaialdia ikusteko aukera izango da. 21:15etan hasita, Arteaga II eta Urretabizkaia II, Egiguren V eta Erostarberen aurka arituko dira lehendabiziko partidan. Ondoren, ‘Master Caixabank’ lehiaketari dagokion partida jokatuko dute Altuna III eta Imazek, Bengoetxea VI eta Martijaren aurka.

Segurtasun-neurriak bete ahal izateko, sarrerak pilotalekuaren edukieraren %60ra mugatuko dira. Zestoako Udal Kiroldegiko frontoiak 300 ikusle hartzeko edukiera izango du ostiral honetan eta, Zestoako Udalaren arabera, oraingoz 100 sarrera inguru saldu dira. Udalak jakinarazi duenez, ikuskizunaz gozatu nahi duenak ‘sarrera asko eta onak’ ditu eskuragai oraindik ere. Salneurria 25 eurokoa izango da.

Gogoratu, astelehenetik ostiralera goizeko 9:00etatik eguerdiko 13:00etara Zestoako Udalaren 943147010 telefono zenbakira deituta erreserba daitezkeela sarrerak. Aspe enpresaren webgunean ere eskuragarri dira. Pilota partida frontoitik ikusi nahi dutenek musukoa jantzita eraman beharko dutela azpimarratu du Udalak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide