Meatzari baten testigantzak

Aizarnako meategietan lan egin zuten meatzariak aurkitu eta hauen testigantzak jasotzeko ahaleginetan, Akoabarrena baserriko Patxi Albizurena joan gara oraingoan. Tertulia luze bat egin dugu berarekin eta bere testigantzak gustura entzun ditudala esan beharra daukat.

Akoabarrera baserrian jaio eta bertan eraman du bizitza osoa. Baserrian egiten omen zuen lan eta soldadutza saihesteko hasi omen zen meatzari lanetan, 15-16 urte zituenean.

Ez da gutxiotarako, soldadutza egiteak  etxeko ekonomia ahultzen zuen,  eta gainera urte bat edo beste   erbestean pasa  behar izaten zen gehienetan. Meategian  lan egiteak  berriz,  etxeko ekonomia bultzatzen zuen eta  baserrian  laguntzeko aukera  ere ematen zuen ofizio honek.

Ertxina mendi hegalean dagoen “Garestiya” meategiak karga-deskarga egiten zuen lekuari “Hiruarboleta” deitzen genion, gaur zaharren egoitza dagoen inguruan hain zuzen ere. Hementxe hasi zen lehen aldiz  lanean. Meategitik kable bidez ikatzarekin   zetozen otarrak  hustu, batzuetan zuloa gotortzeko habeak  kargatu, eta  hauek   meategirako bidean jartzea omen zen bere lana.  

Hasieran otarrak husten egin zuen lan, baina meategi barruan ere hiru bat urte edo gehiago egin zituela esaten du. Bera hasi zen garairako, eskura zeuden geruza onenak gastatuta omen zeuden, eta behera zulatu behar izaten omen zuten egokiak aurkitzeko.

Behera zulatzeak bertatik ura ateratzea eskatzen zuen, eta Azpeitiko suhiltzaile bat arduratzen omen zen horretaz. Egun batean motorraren kea edo gasaren eraginez mareatu eta justu-justu atera omen zuten bizirik.

Ura ateratzeko tresna baztertu nahian, inertziarekin irteteko saiakera ere egin omen zuten. “Luisito” meategia pixka bat beherago kokatuta dagoenez bertara zulo bat eginaz. Baina ahalegin hau hutsean gelditu omen zen, helburu hau lortzeak zailtasun handiak izango zituen  nonbait.

Arriskua saihesteko, Aizarnara zihoan elektrizitate lineari erantsi omen zioten indarra eta geroztik elektrizitate indarrarekin kanporatzen zituzten barruko urak. Argindarra sartu ondoren, bonbillak ere jarri omen zituzten zuloan, baina berehala puskatzen omen ziren eta askotan  karburuak piztu behar. Karburuak  ere berehala zikintzen omen ziren, beraz  eguna amaitzerako beti ikusi ezinik zuloan.

Ura bezala, ikatza ere atera egin behar beheko  zulotik, horretarako bagonetak behera jaisten zituzten eta igotzeko jasogailu elektriko bat erabiltzen omen zuten, “matxina” deitzen ziotena. Kargatutako bagonetak kanporatzeko errailean sartzen zituzten, eta bidean, askotan irteten omen zuten bertatik. Kargatutako bagoneta hauek bere lekuan kokatzeko komeriak izaten omen zituzten eta egun batzuetan  lau bagoneta atera beharrean, birekin gelditzen omen ziren.

Meategi atariko  biltegia betetzean otarrak bete-bete egin, kablean zintzilikatu eta “Hiruarboletan” zegoen deskarga lekura. Aire linea honek, kilometro bat izango zuen gutxienez, eta mendian linea zuzena egiteak bere zailtasunak izango zituen nonbait. Hau dela eta, zutabe batean kableak angelua egiten zuen.

Angelu honetan otarrak bideratu ahal izateko esku lana eskatzen zuen, eta adi egon beharreko  lekua zela esaten du   otarrak  pilatu ez zitezen. Angelu honetan otarrak pilatzeak aire linea gelditzea eragiten zuen,  horregatik angeluan   lan egiteak ardura handia eskatzen zuela esaten du.

Otarrak pilatu edo bidean zerbait ezohikoa gertatzen bazen, behetik korneta dei bat, erdian zegoenari, eta erdian zegoenak bi dei goian kablea zaintzen zegoenari. Berehala gelditu egin behar, arazoa konpondu bitartean. Arazoa konpondu zela jakiteko ezinbestekoa beste korneta deia entzutea berriz martxan jarri aurretik..

Ikatza nora bideratzen zuten galdetu eta zementugintzan erabiltzen zela esaten du (Txiribogan, Agoten, Iraetan, Beduan…). Garraiatzen zuen kamioiak “Hiruarboletako” aldapatxoa  justu -justu igotzen omen zuen, irrist egiten baitzuen, zorua bustia zegoenean bereziki. 

Noizik  eta behin, meategiko ikuskaritza  militarrak egiten omen zituzten. Egun horretan lau puntu kardinaletatik langile multzoa azaltzen omen zen meategira. Meategian zortzi lanean, baina soldadutza saihesteko erroldatuta gehiago zeuden nonbait,  eta egun horretan denak lanera. Ikuskaritza hauetako batean lau harrapatu omen zituzten hiruzur egiten. Ikuskaritza pasatakoan denak etxera, lanik ez zuten egiten eta  soldatarik  ez baitzuten jasoko (berauek ordaindu, izatekotan).

Patxik ezagutu omen zituen Ertxina mendian gora eta behera langile andanak ibiltzen ziren garaiak. Batzuk Akua maldako zuloetara lanera eta besteak  Aizarnara. Aizarnan sator zuloak baino meategi zulo gehiago zela esaten du.

Meatzaritza ez zen bere gustuko ofizioa, barruan hautsa ugari eta arnas bide eskasa lanerako. Batek baino gehiagok utzi omen zuen lantegia osasun arazoengatik. Baserriko lanak nahiago zituela esaten du, meategikoak baino.

Soldadutza saihesteko helburuarekin hasi zen  meategian, baina beraren  kinta iristean legedia aldatu  eta soldadutza egitera behartu zuten. Agian soldadutza garaia hobeto igaroko  zuen meategian baino.

Pasarte denak ez nituen aipatuko behar bada, baina nahiko agerian utzi dituela esango nuke lanbide  honek zituen gazi-gozoak. Eskerrik asko ematea besterik ez zaigu gelditzen bere meatzari garaiko testigantza hauek denen esku jartzeagatik.

Behean dagoen bideoa ere moztuta dago, pasarte denak ez daude ikusgai, luzea egiten delako. Hala ere beste data batzuekin batera eta oinarri digitalean osoan jasota gelditzen dira testigantza hauek. 

Ion Egiguren