Albisteak

Mikel Arregi ‘Ertxin’ izango da EH Bilduren alkategaia datozen udal hauteskundeetan

Gaur goizean egin du Zestoako EH Bilduk alkategaia aurkezteko ekitaldia. Dozenaka lagun bildu dira bertan zerrendaburuari babesa emateko. Mikel Arregi ‘Ertxin’ izango da koalizioaren alkategaia maiatzeko udal hauteskundeetan. 1995etik 1997ra. Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kide izan zen eta azken lau urteetan, Zestoako EH Bilduko zinegotzi lanetan aritu da.

Koalizioak pasa den abenduan jarri zuen alkategaia eta zinegotziak aukeratzeko parte-hartze prozesua martxan. Lehenengo fasean, parte-hartze zuzena bultzatzeko asmoz, alkategai eta zinegotziak proposatzeko kutxak jarri zituzten herri eta auzoetan. Guztira, 21 izen jaso zituzten alkategai izateko eta 85 zinegotzi postua betetzeko. Ondoren, bigarren fasea etorri zen. Fase honetan, proposamenak internet bidez egiteko aukera zuten herritarrek eta hemen ere arrakasta zabala izan dutela nabarmendu dute. Bozkatuena izan den izena Mikel Arregi ‘Ertxin’ izan da eta gaur goizean egindako batzarrean gehiengoz berretsi du hautagaia Zestoako EH Bilduk. Datozen hauteskundetan alkategai izateko proposatuak izan diren herritarrak ere gaurko batzarrean izan dira.

Pertsonarik gabe herririk ez dagoela adierazi du Arregik. Gazteengan jarri du fokua eta gaurko gazteek beraien aurreko belaunaldiek baino baldintza okerragoak dituztela azaldu du. “Ezinbestean, udaletik hori kontuan hartu behar da. Herri honen etorkizuna gazteak dira eta gazteei emantzipatzeko eta euren bizimodua garatzeko aukerak eta erraztasunak eman behar zaizkie etxebizitza politika egoki eta beste hainbat erabakirekin batera” adierazi du zerrendaburuak. EH Bildutik Zestoako udala feminismotik eraiki nahi dutela ere esan du, “feminismoa justizia da eta justiziarik gabe ez dago herririk” gehituz.

Ingurugiroaz ere aritu da gaurko aurkezpen ekitaldian. Zestoa biztanle kopuruari begiratuta herri txikia den arren, lurrei erreparatuz gero, Gipuzkoako handienetako dela azaldu du eta besteak beste, koalizioak, bertako lehen sektorea bultzatzeko neurriak hartuko dituela esan du.

Politika publikoetan jarri du fokua alkategaiak. “Garbi dago gure baliabideak ondoen Zestoatik kudeatuko direla eta beraz, ez dugu pribatizaziorik onartuko” azaldu du. Udaletxea “bunker” bat ez dela ere esan du eta erabakiak herritarrekin elkarlanean hartu behar direla. Amaitzeko, euskararen erabilerak atzera pausuak ematen ari direla adierazi du “gizarte eleanitz baten alde gaude baina gure hizkuntzarekin dugun obligazioa ezin dugu ahaztu” gehitu du.

Hemen dituzue gaur goizeko ekitaldiko argazkiak eta bideoa:

 

 

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide