Albisteak

Mikel Ibarguren ‘El momento decisivo’ luzemetraian

Atresmedia Televisionek, Buendia Estudios eta La Caña Brothersekin elkarlanean ekoiztu duen ‘El momento decisivo’ luzemetraian hartu du parte Mikel Ibarguren herritarrak.  Luz Aldamak zuzenduta, Jose Antonio Ortega Lararen erreskatearen eta Miguel Angel Blancoren hilketaren arteko egunetan – 1997ko uztailaren 1etik 13ra – gertatutako istorioa kontatzen du filmak. 

Madrilgo agertokietan hasi zituzten grabaketak uztail hasieran. “Pare bat aste egon ginen Madrilen grabatzen, bertako bero eta egoerarekin. Oraindik beldur handia zegoen eta eromena izan zen”, aitortu du Mikel Ibargurenek. Hotelera bertara joaten zitzaion bila taxi-gidaria eta errodajea amaitu bezain pronto zain izaten zuen berriz ere hotelera itzultzeko. Ondoren, Euskal Herrira itzuli eta Bizkaian, Gipuzkoan zein Iparraldeko txoko ezberdinetan izan da Ibarguren bere pertsonaiaren sekuentziak filmatzen. Errodajea “oso polita” izan dela azaldu du eta hain maila altua duen jendearekin lan egitea “plazerra” izan arren, ez du bide samurra izan Mikelek. Izan ere, hautaproba dezente pasa behar izan ditu horrelako proiektu handi batean egon ahal izateko.  

Oraindik antzezten duen pertsonaiaren xehetasun gehiegi eman ezin dituen arren, istorioan eragin eta pisu handia izan zuen pertsona bat dela aitortu du: “ETAko kide bat da, mundu guztiak ezagutzen duen pertsona bat”. Zestoarrak interpretatzen duen pertsona bizirik dago, gartzelan, eta “munduko beldur eta errespetu handienarekin” antzezten saiatu dela adierazi du. Ibarguren berak istorioa beste modu batera kontatuko zukeen arren, aktorea dela azpimarratu nahi izan du eta luzemetraian kontatzen denarekin “ados edo ez hain ados” egon, bere lana ahalik eta ondoen egiten saiatu da. 

Grabaketak amaituta, muntaketa lanekin hasi dira jada eta ‘El momento decisivo’ luzemetraia udazkenean estreinatzea aurreikusten dutela jakinarazi du Ibargurenek. Mundu osoan ikusi ahal izango Atresplayer plataformaren nazioarteko bertsioaren bidez.




https://danbolin.eus/wp-content/uploads/2024/05/azokad_Mesa-de-trabajo-1-scaled.jpg