Albisteak

Mikel Zabalzaren memoria ibiltaria Zestoara iritsiko da abenduaren 12an

Zabalza auziaren inguruko memoria eta salaketa soziala hurbiletik ezagutzeko aukera izango da Zestoan abenduaren 12an. Autobus ibiltari baten barruan antolatutako erakusketa Plaza Nagusian kokatuko da, 12:00etatik 20:00etara, eta 1985eko gertaerak eta ondorengo borroka kolektiboa izango ditu ardatz.

1985eko azaroaren amaieran, Mikel Zabalza nafarra atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta haren desagerpenak Euskal Herria kezka eta protestaz bete zuen. Haren gorpua hogei egunera agertu zen Bidasoa ibaian, eta ordutik lau hamarkada igaro diren arren, gertatutakoaren inguruko egia osoa eta erantzukizunak argitzea oraindik bete gabeko zor dira.

Urteurrenaren testuinguruan, Zabalza auziaren inguruko memoria eta borroka soziala berreskuratzeko autobus ibiltari baten bidezko erakusketa antolatu dute. Azaroaren 26tik abenduaren 14ra bitartean, Zabalza desagertu zenetik haren gorpua agertu zen arteko data berbera eginez, autobusak hainbat herri zeharkatuko ditu, Orbaizetik hasi eta eta Donostiaraino.

Ibilbide horren barruan, autobusa Zestoan izango da abenduaren 12an, Plaza Nagusian, eta 12:00etatik 20:00etara egongo da zabalik herritar ororentzat. Barruan, Zabalzaren atxiloketaren, desagerpenaren eta heriotzaren inguruko testigantzak, irudiak eta azalpenak bildu dituzte, baita ondorengo mobilizazio sozial erraldoien memoria ere: manifestazio jendetsuak, greba orokorra eta haren lankideek egindako protesta ikonikoa, “Hemen ez dago gidaria, non dago?” dioen pankarta autobus batetik zintzilik jarrita.

Antolatzaileen hitzetan, egitasmoaren helburua ez da soilik iragana gogoratzea, baizik eta herri memoriaren bidez egia, aitortza eta berriz ez errepikatzeko bermeen aldeko lanketa egitea. Senideek, herritarrek, abokatuek eta askotariko eragile sozialek lau hamarkadatan egindako bidea balioan jarri nahi dute, torturaren eta inpunitatearen aurkako borroka kolektibo gisa. Egitasmoari amaiera abenduaren 14an emango zaio, Donostian egingo den ekitaldi nagusian.

ARGAZKIA: Mikel Zabalza Gogoan




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide