Mozorro xenofobo, homofobo eta… foboak

Azken urteetan bezalaxe, mozorroak politikoki zuzenak izan behar dutela dioten deiak eta aldarriak hasi dira agertzen sareetan eta komunikabideetan.

Uztartzeko zailak diren bi ikuspegi daudela jokoan iruditzen zait:

Lehenengoa, politikoki ‘okerrak’ izatea dela inauterien ezaugarri nagusia. Festa eta ondo pasatzearen aurretik, arauak apurtzeko egunak dira, edozeri irri egitekoak. Eta, horrela, gizartearen termometro bihurtzen dira: dauden arazoak, herritarren kezkak, desadostasunak plazaratzeko eta ikusteko aukera.

Bigarrena, gizarte eta pertsona guztiok ditugu gai ukiezin batzuk, eta ezin dugu horiei buruz barre egin; ez ditugu gai horiei buruzko txantxak edo isekak ulertzen, ezta onartzen ere. Gai tabu horiek denborarekin aldatuz joan dira. Orain dela gutxi arte pentsaezina zen apezpikuz mozorrotzea, adibidez. Lagun batek esan zidan, ez aspaldi, “baserritar jantzia ez da mozorroa, jantzia da”.

Gure asmoan “fobiarik” egon ez arren eta gure intentzioa inor iraintzea ez bada ere, gure mozorroak norbait mindu dezake. Eta, jakina, norbaiten mozorroak mindu gaitzake gu. Jarreretan dago gakoa? Norbere buruaz barre egiteko gaitasunean?

“Nire aldetik, inauteriko mozorroei marra gorririk ez” idatzi orduko gogoratu dut behin asaldatu ninduen mozorro bat… Hainbeste aztoratu ninduen, non hamabost bat urte pasa eta gero ere, ezin baitut hemen deskribatu, ez litzateke politikoki zuzena.

Ez dut praktika onik proposatzeko, ezta mozorroa aukeratzeko aholkurik ere. Baina, urtean egun pare bat bada ere, nire mozorroari inolako fobiarik ez egozteko dudan eskubidea aldarrikatu nahi dut.

Nora Palmitano




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide