Albisteak

Nahikari Gabilondo, ezustean, Zestoako final laurdenean nagusi

Nahikari Gabilondok irabazi du, ezustean, Zestoako Kiroldegian jokatu den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hirugarren final laurdena. Modu horretan, finalerdietan izateko txartela eskuratu du.

700 ikusle bildu dira Zestoako Kiroldegian Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hirugarren final laurdenekoa ikusteko. Oholtza gainean sei bertsolari: Eneritz Artetxe, Nahikari Gabilondo, Manex Mujika, Jokin Uranga, Jon Maia eta Alaia Martin. Saio borobila osatu dute bertsolariek, nahiz eta amaierako puntuaketak aurreko bi final laurdenetakoak baino baxuagoak izan diren.

Hala, Nahikari Gabilondok batu ditu puntu gehien: 504,5. Bigarren Alaia Martin geratu da, 495 punturekin; hirugarren, berriz, Jon Maiak egin du –489,5 puntu–; laugarren Jokin Uranga izan da –475 puntu–; bosgarren Manex Mujika –453,5–; eta seigarren Eneritz Artetxe geratu da, 441,5 punturekin. Modu horretan, finalerdietarako zuzeneko txartela eskuratu du Gabilondok.

Hona hemen Zestoako puntuazioa eta txapelketako behin-behineko sailkapena.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide