Paperekoa

OHOLTZA BAT – Amancay Gaztañaga

Goizeko mantra: Oholtza bat nahi dut.

Udalaren mahai gainean beti daude proiektuak, inguruko kultur teknikaririk hoberena dugu (ez dakigu ondo zein puntutaraino) baina ez gaitezen nahastu, herri honetan ez dugu ezer egiten kultura aurrera ateratzeko.

Ba al dakizue non entsaiatzen duten Zestoako musika taldeek? Bada buelta bat eman lokaletik eta lotsagarria eta sinesgaitza egingo zaizue horrenbeste talderen jatorria zulo hori izatea. Maitasuna diot noski zulo horri, estokolmo sindromea sufritzen duen bahitu batek bere bahitzaileari izan diezaiokeen maitasun bera.

Antzerki taldeak orain dela urte eta erdi aurkeztu zuen lokal baten beharra; jada berrogei lagun gaude taldean.

Proiektuak beti daude mahai gainean… Zine zaharra berritu!

Egin genezake, baina hau ez da Zestoak behar duen oholtza. Kultur aretoaren metraje berdina du. Zine zaharrak gehienez ere 5 x 5 metroko oholtza izango luke, ez du karga/deskargarik, ezingo litzateke kontzerturik eman etxeak baititu ondoan. Bai, zine zaharra erreforma genezake denon bihotzean maitasunez gordetzen baitugu bere oroitzapena… Baina mini oholtza duen taberna “schick” baten tankera gehiago izango luke benetako balio anitzetako espazio batena baino.

Zergatik ez goaz industrialdera? Zergatik ez egin beste hainbat herri “txikik” duten moduko proiekturen bat? Zergatik ez egin/erabili kubo diafano bat non eszenatokia era ezberdinetan koka daitekeen, behar ezberdinei aurre egiteko, gutxienez 12 x 12 metroko eszenatoki batekin? Denetarik egiteko, sortzeko, jolasteko, jotzeko, antzezteko bertan?

Benetan irakurle, badakit barrutik pentsatzen ari zarela herriak zerrendan hori baino lehen egiteko beste behar batzuk dituela. Baina nik esan dezaket kulturarik gabeko herri bat, sortzeko tokirik ez duen herri bat, agortzera kondenaturik dagoen herria dela. Kultura ahotan dugu euskaldunok beti, kultura… Hasi gaitezen ahoetatik ateratzen eta eraman dezagun besoetara, hanketara, belarrietara, gorputzetara eta bihotzetara. Bestela agortzera kondenaturik dagoen herri bat gehiago izango gara.

Amancay Gaztañaga




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide