Albisteak

“Oinezkoei lehentasuna” emateko neurriak hartuko ditu Udalak

“Oinezkoei lehentasuna” emateko neurriak iragarri zituen Udalak atzo eguerdian egindako prentsaurrekoan. 631 errepidea eta herriguneko zenbait kaletan izango dute eragina neurriek. “XX. mendetik aurrera hemen egindako eraikin urbanistiko guztiak ibilgailu pribatuaren mugimenduen arabera eginda egon dira. Garbi ikusten ari gara jasangarritasunari zor zaion errespetuagatik, eta herriak biziberritzeko, eta herrietako giroa indartzeko ezinbestekoa dela herriko kaleak pertsonen erabilerarako lehenestea” adierazi zuen Mikel Arregi Ertxin alkateak.

631 errepidean historikoki saihesbide bat aurreikusi izan dela azaldu zuen Arregik. Legealdiaren hasieran, Aldundiko Errepide Sailarekin bildu ziren udal ordezkariak, proiektu hori egingarria zen jakin ahal izateko. Aldundiko ordezkariek Zestoan horrelako dimentsioko obrarik ez zutela aurreikusten erantzun zieten, ez epe motzean, ezta epe luzean ere. Hau horrela izanik, Udalak Aldundiarekin harremanetan jarraitu zuen eta “epe motzean egiteko proiektu egingarri bat” adostu ahal izateko. Udalak aditu talde bat kontratatu du proiektu hori egiteko. Orain, estrategia “herriak errepide hori bere egitea” dela nabarmendu zuen alkateak. Proiektu hori egina dagoela esan zuen eta hil bukaeran herritarren aurrean aurkeztuko dela. Herritarrek euren ekarpenak egiteko aukera izango dute eta behin aurkezpen hori eginda, behin betiko txostena osatuko da.

Proiektu horrek, Herri Ikastetxerako irisgarritasuna ere kontutan hartzen du. “Mediku etxetik” haratago zebra bidet bat egiteko asmoa azaldu zuen Arregik, “hortik zuzenean herri eskolara espaloi bat egiteko asmoa dugu” esan zuen. Ibilgailu pribatuarekiko sekulako mendekotasuna dugula esan zuen eta hori gainditu beharra dagoela. Umeak eskolara joateko baldintza egokiak izan behar dituztela nabarmendu zuen eta proiektu horrekin baldintza horiek beteko direla. Egokitzapen hori eginda, San Joan egoitzara joateko bidea ere irisgarriagoa izango dela gogorarazi zuen.

Akoako bidegurutzea eta Arocena hoteleko gunea, “puntu beltza” dela azpimarratu zuen Arregik: “Sekulako arazo teknikoa dugu hor, espazio falta, Hor kokatzen den eraikinetako bat eraitsi gabe ez dago espazio nahikorik ezer duinik egiteko” esan zuen. Printzipioz, puntu horretan interbentziorik ez dutela  aurreikusten esan zuen, bigarren fasean helduko diotela gune horri.

Herrigunea ere oinezkoentzat

631 errepidean hartuko diren neurriez gain, herrigunean ere oinezkoek lehentasuna izatea nahi du Udalak. Herriguneko zenbait kale oinezkoentzat bakarrik izango dira uztaila eta abuztuan. Neurri hori orain arte asteburuetan soilik hartu da baina uztaila eta abuztuan eguneroko zerbait bihurtuko da. Pio Baroja plazarako sarreratik hasi eta Erdikalea eta Portale kalea oinezkoentzat izango direla esan du Ruben Alberdi hirigintzako zinegotziak. Datozen egunetan inguru horretako merkatariekin bilduko dira zama lanak nola egin adosteko eta larrialdi zerbitzuekin ere hitz egingo dutela esan du zinegotziak.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide