Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Garai bateko ohiturak berreskuratzeko eta herriko haurrak Gabon eskerara animatzeko helburuarekin, Olentzero panpinak egiteko tailerrak antolatu dira aurten Gaztelekuan. Ekimen honen bidez, 2. ziklotik aurrerako haurrei abenduaren 24an eskerara ateratzeko eta, arratsaldean, Olentzeroren etorreran euren panpinekin kalejiran parte hartzeko aukera eskaini nahi zaie.
Tailerrak hainbat egunetan egingo dira, adinaren arabera antolatuta. DBH 1eko ikasleek azaroaren 28an, abenduaren 5ean eta 12an izango dituzte saioak, 16:00etatik aurrera. 3. zikloko haurrek, berriz, azaroaren 27an eta abenduaren 4an eta 11n parte hartu ahal izango dute, 17:00etatik aurrera. 2. zikloko haurrek guraso arduradun batekin joan beharko dute, eta egun zein ordutegiak Gaztelekuko arduradunarekin adostuko dira.
Izen-ematea zabalik dago, eta azaroaren 27a baino lehen egin beharko da 688 684 029 telefono zenbakira mezua bidalita.
Antolatzaileek herriko haurrak eta familiak parte hartzera animatu dituzte, tradizioari jarraipena emateko eta Gabonetako giro berezia elkarrekin bizitzeko helburuarekin.