Albisteak

Olentzero eta Maridomingik gutunak uzteko postontzia jarri dute toril azpian

Covid-19ak bete betean eragingo die Gabonetako ospakizunei. Jende pilaketak ekidin nahi dira eta Olentzero eta Maridomingik oraindik ez dakite abenduaren 24 arratsaldean plazara etortzeko aukera izango duten. Haurrak pozik eta ilusioz ikusi nahi dituzte eta etorriko diren ez badakite ere, eskutitzak jasotzeko postontzia jarri dute plazan, toril azpian.

Hona hemen Olentzero eta Maridomingik Danbolinera igorri duten gutuna:

Kaixo Zestoako haur maiteak!

Zer moduz zaudete? A ze urte xelebrea aurtengoa ezta? Ondo moldatu al gara? Ahal zen moduan ezta ala?

Ederra kontua! Aurten zuek guri idatzi beharrean guri tokatu zaigu zuei gutuna bidaltzea. Zer esateko? Ba oraindik ez dakigula nola moldatuko garen gutunak jasotzera Zestoara eta gainontzeko herrietara joateko. Badakizue, birus santua dela eta, kutsatu nahi ez badugu ezin gara talde handitan bildu eta hori modu seguruan nola egin antolatzen ari gara.

Baina ez pentsa horregatik opariak banatu gabe geldituko garenik! Zerbait egingo dugu, egon lasai!

Gutunontzi polit bat jarri dugu torilpean eta has zaitezkete gutunak idatzi eta bertan botatzen. Nahi baduzue horrenbeste gustatzen zaizkigun marrazkiak ere bota ditzakezue! Gutunak jasotzen joango gara gu eta horrela, zein opari nahi dituzuen jakingo dugu eta jada prestatzen ere hasiko gara eta lanak aurreratuta edukiko ditugu. Zer iruditzen? Ondo? Ba hasi lanean!

Laster arte!

Olentzero eta Maridomingi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide