Albisteak

Olentzero etortzekoa da 24an haurren gutunak jasotzera

Iaz posible izan ez bazen ere, aurten Olentzeroren taldekoak etorrera antolatu dute. Arratsaldeko bostak aldera aurreikusten da iritsiko direla Olentzero eta Mari Domingi Lau Iturrira. Hantxe itxoingo diete haurrek baserritarrez jantzita. Handik kiroldegiko aterpera etorriko dira gutunak jasotzera eta 18:20ak arte egongo dira bertan. Jende pilaketak ekidin nahi dituzte antolatzaileek, horregatik, torilean beharrean, kiroldegiko aterpean egingo da gutun jasotzea. Ballaz osatutako korridore bat prestatuko da eta gutuna botatzera talde txikitan pasako dira haurrak. Eremu honetan dauden helduek, musukoa eraman beharko dute.

Konfinatuta dauden haurrentzat mezua ereĀ  bidali du Olentzerok:

Kaixo zestoarrak! zer moduz gaude? Entzun dut konfinatuta haur dexente dagoela zuen inguruan ezta hala? Hau duk hau panorama! Zuek lasai, nik jada pasa dut ditxosozko birus malapartatuta. Ez da berehalakoa izan, baina pasa da! Pazientzia izan behar duzue eta denbora aprobetxatu gutun politak idatzi eta marrazki alaiak egiteko. Nik orain ez daukat kutsatzeko batere beldurrik, beraz lasai egon, trankil asko pasako naiz eta zuen etxeetatik! Bitartean, loa galarazten dizun galderaren bat badarabilkizu buruan, hauxe duzu zestoarrontzat erabiltzen dudan posta elektronikoa: zestoaolentzero@gmail.com. Bidali mezua eta saiatuko naiz tarte bat hartu eta labur bada ere erantzuten.

Gauzak ondo bidean, 24 arratsaldean hor izaten saiatuko naiz zuen gutunak jasotzen. Etortzerik ez baduzue, eman zuen gutun polit hori lagun edo familiakoren bati zuen izenean niri emateko, ongi? Animo eta eutsi!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide