Albisteak

Oñatira irteerarekin amaituko dute Zestoa Osasuntsu egitasmoaren ikasturtea

Zestoa Osasuntsu egitasmoaren ikasturte honetako azken saioak egingo dituzte ekainean. Hilaren 2an ibilalditxoa egingo dute goizeko 10:30ean hasita. 12:00etarako amaitzea aurreikusten dute eta ordu horretan mokadutxoa egingo dute kiroldegiko aterpean.

Ekainaren 16an, berriz, Oñatira egun pasa antolatu dute. Goizeko 9:15ean irtengo dira Gurutzetik. Iritsitakoan, Urkulu urtegian ibiliko dira eta amaitutakoan mokadutxoa egingo dute. 14:30ean bazkaria egingo dute bertako jatetxe batean, eta ondoren Oñatiko unibertsitatea bisitatuko dute. Irteeran parte hartzeko aurrez izena eman behar da, ekainaren 9a baino lehen 943 147 942 telefono zenbakian. Parte hartu nahi dutenek 25 euro ordaindu beharko dituzte (hamaiketakoa, bazkaria eta bisita gidatua barne).

Balorazio “oso positiboa”

Ikasturte amaiera dela eta, egitasmoaren balorazio “oso positiboa” egin du Zestoako Udalak. Bataz beste 35 pertsonek hartu dute parte tailerretan eta beste 25ek ibilaldietan. Itxialdiaren ostean jarri zuen martxan Adinekoen Mahaiak proiektua: “COVID19ak eraginda, herritarrek mugimendu oso mugatuak izan ditu azken bi urte hauetan. Beraz, harreman sozialak eta jarduera fisikoa egiteko aukerak oso mugatuak izan dira. Ukaezina da egoera horrek herritarren osasunari eragin diola nabarmen, horien artean, bereziki gogorra izan da etxean bakarrik bizi diren adinduentzat. Kezka horretatik abiatuta, Adinekoen Mahaian Zestoa Osasuntsuren programa landu eta onartu zen eta azaroan ekin genion programari” azaldu du Udalak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide