Albisteak

Ontzi arinak edukiontzi bidez jasoko dira datorren urtetik aurrera

Ontzi arinak biltzeko sistema aldatzea erabaki zuen Udalak aho batez azaroko udalbatzan. 2014az geroztik, kubo bidez jaso dira ontzi arinak herrian baina datorren urteko apirila ingurutik aurrera, kaleko edukiontzi bidez jasoko dira.

Mikel Arregi alkateak azaldu du gero eta plastiko gehiago biltzen dela eta horregatik hartu dutela sistema aldatzearen erabakia. Plastiko pilaketa horrek, kuboak bi aldiz jartzea dakarrela esan du eta horrek bilketa modu horren kostua garestitzen duela. 2014an ezarri zen sistemak “emaitza onak”  dituela azpimarratu nahi izan du baina “hobetzeko marjina” beti dagoela gaineratu du. Sistemak herrigunean “ondo” funtzionatzen duela esan du alkateak baina landa eremuetan hutsune batzuk dituztela.

Sistema birplanteatzerako orduan, Aizarnazabalen ontzi arinak edukiontzi bidez jasotzen direnez, Azpeititik bertara doazen kamioien garraioa baliatuta, Zestoako Udalak kuboak jarri eta kentzeak sortzen duen garraio gastua eta CO2 isuria aurreztuko lituzke. Aldatuko den bilketa bakarra ontzi arinena izango da, gainontzekoak berdin jasotzen jarraituko da. Beraz, aurrerantzean errefusa eta organikoa orain arte bezala eta ontzi arinak, beira eta papera bezala edukiontzi bidez jasoko dira.

Edukiontzi berriak

Ontzi arinak biltzeko edukiontzi berriak jarri eta kartoia biltzeko edukiontziak aldatuko dituzte. Guztira, 43 edukiontzi urdin eta hori berri jarriko dituzte. Edukiontzi horiek handiagoak izango dira eta horrela espazioa irabaziko dela esan du alkateak.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide