Albisteak

Oporrak bakean programa harrera familia bila ari da

Uda bateko besarkada lelopean jarri dute martxan aurtengo Oporrak Bakean ekimena. Programa horren baitan lan egiten du eskualdeko Darahli elkarteak, eta aurtenĀ  Mendebaldeko Saharako 300 haur errefuxiatu Euskal Herrira ekartzea da. Pandemia tarteko, bi urtez geldirik egon zen programa, eta joan den urtean hasi ziren berriro martxan.

Programari eske, errefuxiatu sahararrek uda Euskal Herrian igarotzeko aukera dute. Ekimenaren helburuak, besteak beste, haurrak udako baldintza gogorretatik aldentzea, haien osasun egoera hobetzea, oinarrizko osasun azterketak egitea eta haurrei beste kultura, hizkuntza edo errealitate bat ezagutzeko aukera eskaintzea dira.

“Ez da ahaztu behar borroka honekin bat egiten dugunon helburua programa honen beharra desagertzea dela, saharar herria beren lurraldera itzuli izanaren seinale izango litzateke eta. Bitartean, sahararrei gure babesa ematen eta Euskal Herriaren eta Sahararen arteko zubiak eraikitzen jarraituko dugu” azaldu dute Darahliko kideek.

Ekimenean parte hartu nahi duten familiek edo informazio gehiago eskuratu nahi duen edonork apirilaren 28a baino lehen jarri beharko du elkartearekin harremanetan darahlizumaia@gmail.com helbidera idatzita edo 605 701 463 telefonora deituta.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide