Albisteak

‘Orain presoak’ dinamikak antolatutako manifestaziora joateko autobusa izango da Zestoatik

‘Orain presoak’ dinamikak deituta, presoen eskubideen defentsan manifestazioa egingo da datorren larunbatean, hilak 20, Donostian. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da Antiguoko tuneletik. “Orain Presoak dinamikaren baitan antolatu eta batu garenok, ETAren disoluzioaren ostean ireki den garai berria probestu eta aspaldidanik espero dugun aldaketa gauzatu dadin gure hondar alea jarri nahi dugu. Bakerantz eta elkarbizitzarantz eramango gaituen aldaketaz ari gara. Sufrimendu gehiago sortzeari utzi eta korapiloak askatu zein zubiak eraikiko dituen jendarte baterantz eramango gaituena” adierazi dute dinamikako kideek.

Zestoatik Donostiara joateko autobusa arratsaldeko 16:00etan irtengo da Gurutzetik eta manifestazioa amaitutakoan itzuliko da herrira. Autobuserako izena eman daiteke Portale, Fati, Uztapide eta Koiote tabernetan.