Albisteak

zestoako-anbulatorioa-sarrera

“Ordezko mediku ez euskalduna Zestoan. Noren ardura da?”

Zestoako herritar batek kexa hau bidali dio Eusko Jaurlaritzari. Aitor izeneko zestoarra anbulategira joan eta ordezkapena egiten ari zen medikuak euskara ez zekielako honako hau idatzi du:

“Eusko Jaurlaritzako norbaitek azalduko al dit mesedez nork duen hau gertatzearen ardura, nork hau zuzentzearena, zer neurri hartuko diren, zergatik ez diren hartu orain arte…. Erantzun beharreko kontu ugari daudela iruditzen zait.

Zestoa, herri erabat euskalduna, bertako osasun etxean bi mediku daude, biak euskaldunak. Pentsatzekoa da bi mediku lanpostu horiek betetzeko euskara ezagutzea ezinbesteko baldintza izango dela. Bale. Orduan, zer dela eta urriko lehen astean, mediku euskaldun horietako baten ordezkapena egiteko mediku ez-euskaldun elebakarra bidaltzen du Osakidetzak Zestoara? Mespretxu galanta Zestoako herri guztiari! Zestoan hau gertatzen bada ez da zaila imajinatzea beste lekuetan antzekoak edota okerragoak gertatzen direla. Earra panorama Osakidetzakoa.

Uste dut Eusko Jaurlaritzako buruetako batek adierazi zuela herritarrek ez zutela ulertzen euskarari dagokionez atzerapausoak ematea Osakidetzan. Ba ez jauna, ez dugu ulertzen hori gertatzea, eta ezta ere Jaurlaritzako buruek ezer ez egitea egoera honen aurrean.

Zestoan, osasun etxe berria dugu, oraintxe inauguratua. Erabiltzaileon eskubideetaz farre egitearren eraikin berria jarri izana eskertzekoa da, orain gure etsipena sufritzeko espazio gehiago izango dugu eta.
Etsigarria da, benetan!”




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide