Albisteak

Orioko hilketa matxista salatu dute herritarrek

Urola Erdiko Itaiak deituta, Orioko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea izan da gaur arratsaldean plazan. Hainbat herritar bildura dira bertan, eta gertatutako gogor salatu dute. Bihar, osteguna, Azpeitian egingo dute elkarretaratzea, arratsaldeko 18:30ean, plazan.

Hemen Itaiak egindako irakurketa:

“Gaur, Orion izandako erailketa matxista salatzeko elkartu gara hemen, izan ere, atzo, maiatzak 16, gizon batek bere bikotekide ohia erail zuen. Urola Erdiko ITAIAtik gogor salatzen dugu erailketa, eta babes osoa adierazten diegu eraildako emakumearen familiari eta ingurukoei.

Gizartearen gehiengoa berdintasunaren alde lerratzen bada ere, errealitatearen joera kontrakoa da: biolentzia matxista kasuak gora doaz, eta forma berriak hartzen ari dira. Iazko urteari erreparatu besterik ez dago; iaz gutxienez bost erailketa matxista izan ziren Euskal Herrian, eta astero izaten genuen eraso matxisten berri. Burgesiak ezinbestekotzat du indarkeria matxista bere boterea mantentzeko eta estatu aparatuek beren interesetara konfiguratzen dituzte biolentzia forma hauek. Aipatzekoa da azkenaldian politika instituzionaletan feminismoak hartu duen presentzia, instituzioak aurpegi garbiketa egiteko eta etekin ekonomikoak bermatzeko tresna ezin hobea bilakatuz. Baina emakume langileok ez dugu inolako babes sozial, politiko edo juridikorik eraso matxisten aurrean.

Horrenbestez, eta egoerak onera egingo ez duela jakitun, beharrezkoa dugu emakume langileon aurkako erasoen aurrean erantzun eraginkorrak gauzatzea. Erasotzaileak seinalatuz eta erasotuak izan diren emakumeak babesteko beharrezko antolakuntza bitartekoak garatuz. Indarkeria matxistaren aurkako jarduna eraginkorra izan dadin ezinbestekoa da indarkeria betikotzen duen egiturazko oinarria borrokatzea. Horrela, gizarte kapitalista gainditu eta indarkeria matxistak lekurik izango ez duen gizarte komunista eraikitzera begira kokatzen dugu gure jarduna. Urola Erdiko ITAIAtik lanean jarraitzeko konpromisoa adierazten dugu.

INDARKERIA MATXISTARI AURRE EGITEKO, SOZIALISMOA ERAIKI!”




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide