Oroimena ez da delitua!
— 2019-02-08Zestoako Gazteen Asanbladatik dei egiten dugu otsailak 15 eta 16an errepresioaren aurka burutuko diren ekintzetan parte hartzera. Elkartasuna adierazi nahi diegu errepresio forma ezberdinak pairatzen dituzten kolektibo zein norbanakoei. Bereziki gure herritar eta lagun “Txapeiri” eta berarekin atxilotutako beste bi lagunei.
Hona hemen irakurketa:
Lehengo urtean Errepresioaren Aurkako Eguna antolatu zen gure eskualdean lehen aldiz Altsasuko eta Oreretako gazteen kasuak zirela eta.
Aurtengoan, honelako ekimenak antolatzeko arrazoiak deuseztatzetik urrun, eskualdeko kide bat Audientzia Nazionalerako deiaren zain daukagu ekainean atxilotua izan ostean. Gasteizen Gudari egunean gudariei gorazarre egitea eta biktimak iraintzea egoztearen aitzakiapean eman zuten atxiloketa hau, Galdakaoko eta Etxarri-Aranatzeko beste bi kiderekin batera atxilotu zuten. Argi ikusten da Euskal Herriko gatazka politikoaren aurrean euren errelatoa inposatzen jarraitzen dutela, zapaltzaileen aurka egindako borrokak desitxuratuz.
Izan ere, Estatu Burgesak hainbat errepresio forma erabiltzen ditu bere ordena zalantzan jartzen saiatzen den ororen aurka, kontrol sozialaren, karga polizialen, isunen eta beste hainbat mekanismoren bidez.
Honen aurrean, historiaren irakurketa propioa garatzea eta sistema kapitalistaren aurkako borrokan jarraitzea dagokigu. Horregatik aldarrikatzen dugu errepresioaren aurrean dugun antolatzeko beharra eta kolpeak jasaten ditugunen arteko elkartasuna. Honela soilik lortuko baitugu langile klaseko kideon aurka egiten dituzten erasoak gelditzea.
Hau esanda, “Oroimena ez da delitua!” lemapean antolatu ditugun ekimenetan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu. Garaitu nahi gaituzten arren, lanean jarraituko dugulako zapalduon aldeko borrokan.
OROIMENA EZ DA DELITUA!
ERREPRESIOAREN AURREAN,
ANTOLAKUNTZA ETA BORROKA!
Egin zaitez bazkide