Albisteak

Osana Ilchenko: “Gerra jada lehertu da, azkar bukatzea espero dut”

Osana Ilchenkorekin ere hitz egin dugu Ukrainako egoeraz. Bost urte daramatza Zestoan bizitzen. Bere esanetan oso lasai zeuden denak, inork ez zuen hau espero. Ukrainako presidenteak lasai egoteko deia egiten zuen, “dena kontrolpean” zuela argudiatuz. Baina otsailaren 24ko goizean, beti bezala lanerako goizeko 7etan esnatu zenean, Ukrainako izebaren mezua jaso zuen. Honela zioen: “Osana, gerra hasi da goizeko lauetan. Txernobyl aldean bonba hotsak entzuten ditugu. Gu momentuz ondo gaude. Zu lasai eon”. Lagunei deika hasi zen orduan Osana, eta baietz konfirmatu zuen. Txernobylera sartu zirela errusiarrak eta momentuz Ivankiven lasai zeudela esan zioten. Baina errusiarrak Txerbonyletik Kievera joateko, bere herritik pasako zirela bazekien. Gaur goizean lortu du azken aldiz senitarteko eta lagunekin harremanetan jartzea. Errusiar tropek Txernobyl hartua zutela eta poliki-poliki Kiev hiriburu aldera zihoazela dena hartuta esan diote.  Harrezkero deika ari da baina ez diote erantzuten.

Lagunei mezuak bidali dizkie zer moduz zeuden galdezka eta batek erantzun dio “gaizki”. Gaua ahal zuenak ahal zuen tokian pasa dutela ere esan diote; etxe azpiko bodegetan, garajeetan eta Kievekoak metroan. “Ivankiv nire herritik jada ez dut uste inork alde egiteko modurik izango duenik, gerra jada lehertu da, azkar bukatzea espero dut”. Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkie zestoarrei, jasotzen ari den babes mezuengatik.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide