Ostiralerako gonbita

Kaixo, lagun:

Dakizunez, duela urte eta erdi ireki genuen Zentroko Gaztetxea, eta askotarikoak izan dira ordutik antolatu ditugun ekintzak: monologoak, hitzaldiak, kontzertuak, umeentzako ekintzak, bazkariak etab. Herritar ugari bildu gara bertan, txikienetatik hasi eta ez hain gazteenganaino. Eskerrik asko uneren batean edo bestean gerturatu zareten guztioi. Denon artean argi utzi dugu gaztetxea herriaren erdigunean egon daitekeela eta egon behar dela.

Elizak ordea, horri entzungor egin, eta gazteok bertatik kanporatu nahi gaitu. Uztailaren 19rako dago desalojo eguna jarrita, 08:00etarako. Egun horretan, denon nahiaren kontra, kaleak poliziaz gainezka egotea aurreikusten dugu, Elizak eskura dituen tresna guztiak baliatuko baititu bere jabetza pribatuari eusteko. Nahiago dute potentzialitate handia duen eraikina hutsik eta abandonatuta izan, herritarron behar eta mesedetara egongo den proiektua ahalbidetu baino. Guk azken unera arte defendatuko dugu gaztetxea, Zestoak behar eta merezi duen etxea.

Beraz, ostiralean, gaztetxera gerturatu eta kazolekin zarata egiteko deia egiten dizugu, desalojoa salatu eta Zentroko gaztetxeari babesa adierazteko. Era berean, aste honetan zehar egingo ditugun ekintzetara batzeko gonbita luzatzen dizugu.

Agur bero bat,

ZGA




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide