Albisteak

Otsailaren 12an jokatuko da Kobaz Koba Trail lasterketa

Kobaz Koba Trail mendi lasterketaren VII. edizioaren data iragarri berri dute: 2023ko otsailaren 12an izango da. Arazi IKT eta Agiro Mendi Klubak antolatzen dute lasterketa, Zestoako Udalaren laguntzarekin. Antolatzaileek jakinarazi dute izen-emateak azaroan zehar zabalduko dituztela, eta gogorarazi dute aurreko deialdietan parte hartzeko aukerak “ziztu bizian” amaitu direla. Urtero bezala, bi ibilbide egiteko aukera egongo da: Artzei (15km) eta Zaldei (25km). Bakoitzean 300 korrikalarik parte hartu ahal izango dute.

Antolatzaileek azaldu dute aurtengoan ere ibilbide “ederra eta berezia” antolatu dutela: “Zestoa inguruko bide zidorretan barrena; euri, haize, lokatz eta dena lagun; baina beti ondare natural eta historiko paregabeaz gozatzeko aukera eskaintzen duena. Lehen gizakia ibili zen bideetatik barrena diseinaturiko ibilbidea da, historiaurreko ondare eta aztarnategien lurraldean barrena, historiaurreko margo eta harribitxiak jasotzen dituzten koben bideetan: Ekain, Danbolinzulo, Astigarraga, Amalda, Praileaitz, AstuigaƱa, Erraila, Urtiaga, Ermitia eta Erlaitz, eta gainera Irikaitzeko aztarnategia eta Arluze monolitoa. Benetako historiaurreko ibilbidek”.

Bestalde, eskerrak eman nahi izan dizkie ibilbidea posible egiteko lankidetza eskaintzen duten guztiei, eta bereziki lur jabeei. Deialdi berezia egin diete korrikalariei, urte guztian zehar mendian “errespetuz” ibil daitezen, eta herri bideetatik kanpo ez entrenatzeko eskatu dute. Azkenik, boluntario lana aitortu du antolakuntzak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide