Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Zestoako Gazte Asanbladak deituta, Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zen joan den ostegunean plazan, Erresistentziarekin elkartasuna, Palestina askatu! lemapean. Hainbat herritarrek bat egin zuten deialdiarekin.
Hemen bertan irakurritako testua:
“Jakingo duzuen bezala, aurreko larunbatean Palestinako erresistentzia indarrek Israelgo ejerzitoaren aurka operazio bat eman zuen. Operazio honetan ejerzito israeldar sionistari kolpe gogorra eman zion erresistentziak, eta 24 orduz hainbat base militar zein kolonia judu kontrolpean hartzeaz gain, militar zein kolono ugari atzeman dituzte. Gertakari hau da mundu mailan albiste izan dena eta guztiz modu interesatuan zabaltzen ari direna.
Errealitatea ordea, guztiz bestelakoa da, Israelgo estatua Palestinarren aurkako zapalkuntza ematen ari da aspalditik. Urte asko igaro dira jada Gaza blokeo egoeran dagoenetik, 45km2ko eremuan 2,3 milioi palestinar bizi dira, eta munduko kontzentrazio esparru handiena dela esan daiteke. Asko dira kolono israeldarrek beren lurretatik indarrez kanporatutako errefuxatuak, eta urteak daramatzate egoera tamalgarrian bizirauten: uraren %90a kutsatuta dute, elektrizitate mozketa ugari jasan behar izaten dituzte egunero eta airez eraso ugari jasan izan dituzte.
Hori guztia nahikoa ez balitz, 2006az geroztik Israelgo estatuak beraien aurkako hainbat operazio berezi eraman ditu aurrera, aipatzekoak izanik 2006ko Lluvia de verano, 2008ko Plomo fundido, 2012ko Pilar defensivo eta 2014ko Margen protector, operazio guztietan hildako ia guztiak zibilak izan zirelarik. Aipatzekoa da, gainera, Israelek hamarkadak daramatzala ospital, merkatu, eskola eta beste zenbait azpiegitura zibil bombardatzen.
Erresistentziak azken 4 urteetan aurrerapen handiak lortu ditu beraien gaitasun ofentsiboari dagokionez, gaur egun ideologia desberdineko 12 miliziek osatzen dutelarik erresistentziaren mahai bateratu nazionala. Izugarrizko lorpena izan da dituzten baliabide urriekin Israel bezalako potentzia militar bati horrelako ezustea ematea. Doakiela hemendik gure elkartasun guztia.
Ezin aipatu gabe utzi, komunikabideak zabaltzen ari diren mezu tamalgarria, Israel bezalako erregimen genozida bat zurituz, hark zapaltzen duen herriarekin konparatuz, bere burua defendatzeko duen eskubideaz jardunez, edota kolono fanatikoak zibil arrunt moduan katalogatuz. Eta hori gutxi balitz gainera, Palestinako erresistentzia kriminalizatzen eta terrorismoarekin lotzen ari dira albiste zein errelato faltsuen bitartez.
Bestalde, aipatu beharra dago instituzioetako ezker zein eskuineko alderdiek hartu duten jokabidea, batzuk Israel zuzenean babestu dutelarik, eta besteek beren burua ekidistantzian kokatuz, hau da, erresistentziari babesa eman beharrean elkarrizketara deituz. Azken honi dagokionez, garbi gera dadila Israelek ez diela palestinarrei ezer emango ez bada erresistentzia eta presio internazionalen bitartez behartua izaten.
Azkenik, ezin esan gabe utzi Israel imperialismo mendebaldarraren tresna bat dela ekialde hurbilean, bere sorreratik bere inguruko lurraldeekin hainbat gerra izan dituelarik, eta bere egunerokoan okupazio militar, garbiketa etniko, supremizismo erlijioso eta onartu ezin daitezkeen beste hainbat praktika ematen dituelarik aurrera. Hau honela, gatazka honekin amaituko duen soluzio erreal bakarra Israelgo estatuaren desagerpena dela esan dezakegu, eta beraz, gure babes guztia adierazten diegu Palestinan borrokan diharduten guztiei.
ERRESISTENTZIAREKIN ELKARTASUNA, PALESTINA ASKATU!”