Paperekoa

[PAPEREKOA] Arteaga denon artean

Arteagako festak ospatu dira aurten lehengoz. Auzoko gazteak berotu, baimenak eskatu eta bilera irekia deitu zuten otsailean. Denen pozerako, uste baino askoz ere arrakasta handiagoa izan zuen deialdiak, “festaren aitzakian, aurreko asteetan hor ibili gara hainbat belaunalditako auzotarrak elkartu eta gure estilo propioan egunari forma ematen, lanak banatzen, bakoitza bere aletxoa jartzen. Eta horrela, ba elkar hobeto ezagutzen eta orain arte agian ez genituen harremanak egiten. Alegia, auzogintzan, gure komunitate txiki hau sendotzen”.

Ertxiñara igoarekin hasi zuten eguna auzotarrek, taldetxoa aurrena eta jarraian erlojupeko igoera. Eguerdian, duela 2 urte auzoko gaztetxoek landatu zuten artearen bueltan elkartu eta erlojupekoaren sari banaketa egin zuten aurrena. Jarraian, auzoaren bilakaeraren eta izenaren inguruko zenbait kontu azaldu ziren eta aurten auzoan jaio diren haurrei ongi-etorria egin zitzaien, eta LagunArtea bukatzeko auzotarren argazkia. Gaztetxoenek zuhaitza landatu zutenetik zenbat hazi den ere neurtu zuten.

Bazkaltzeko 180 pertsona elkartu ziren, “ez genuen bela pentsatuko hasi ginenean horrenbeste juntatuko ginenik. Egungo auzotarrak eta noizbait bizi izandako asko ere animatu dira”. Tripak bete eta haurrak altxorraren bila ibili ziren eta mahai bueltako berriketaldien ondoren, helduak ere jolasera auzo poteoarekin batera. Iluntzean, berriz, dantzan borobildu zuten eguna Arrisku taldearen kontzertuan eta Ane eta Ametsekin erromerian. Hurrengo urtean, berriz.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide