Pazko jaia Aizarnan 2023
— 2023-06-17Maiatzak 27. larunbata, urteroko ohiturarekin jarraituz Pazko jaieguna ospatu dugu Aizarnan. Egun berezi honekin gozatzeko asmoarekin, aurten ere jende multzo handia hurbildu zen bertara eta jendearen aurpegi alaiak ikusi ondoren lortu zutela esango nuke.
Egun berezi hau ezaguna egiten ari da bailaran, herritarrak eta ez direnak ere jakitun direlako entretenimendua ziurtatuta dutela egun osoan.
Bezperatik zegoen txahala erretzeko prestatuta plazan, eta gauerako ondo babestuta utzi zuten zakurrik hurbiltzen bazen ere. Goizeko ordu txikietan hasi ziren lanean sua piztu eta berau erretzen, denbora luzeko lana baita.
Ondo erretzeko ordu batzuk egiten ditu su gainean. Nik ez dakit zenbat denbora behar duen horretarako, baina lan hau egoki egiten dakitenak badira Aizarnan eta berauei galdetu behar sekretuak. Beste lanetan gertatzen den bezala honek ere izango baititu bereak, eta abilezia ere zer esanik ez.
Goiz partetik artisau azoka zegoen ikusgai plazan, postu politak ere bai eskulan bereziekin osatuta. Nahi zuenak bazuen zer erosia eta berauek ikusita lan politak egiten dakiten artisauak ere badirela oraindik esan behar..
Urtero, gai batekin osatzen da erakustaldi polit bat Aranburu atarian. Aurtengo gaia aterkia zen, bertan ikusi nituen ideia politekin osatutako lan bereziak. Plazako postuak eta Aranburu atarikoekin gozatu ondoren, Aizarnako haurrek plazan egin zuten dantzaldia ikusi genuen eta konturatzerako goizak eman zuen berea.
Plazan erretzen ari zen txahalak usain gozoa zabaldu zuen herrian eta bazkaltzera gonbidatzen zuen horrek, naiz eta gose handirik ez izan. Ordua iritsi bezain azkar ilera luzeak sortu ziren platera eskuan hartu eta era berezian erretako txahal honekin bazkaltzeko. Esan behar dena amaitu zela, beraz gozoa zegoen seinale.
Eguna amaitzeko arratsaldean umeentzako antzerki ikustaldi bat zegoen antolatuta eta haur ugari ikusi nuen plazan eserita. Benetan gozatu zutela esan behar.
Nik ere, eta urteroko ohiturari jarraituz, diaporama txiki bat osatu dut egun horretan jasotako irudiekin eta Marisa Herguedasek utzitakoekin, hau ere argazki zalea baita. Osatutako bideo honek nire lerro hauek baino egokiago irudikatzen duela esango nuke egun honetako giroa, beraz Ikusi eta gozatu berarekin.
Jon Egiguren
Egin zaitez bazkide