Albisteak

Pentsiodunek plazan egingo dute elkarretaratzea Maiatzaren Lehenean

Zestoako Pentsiodunen Mugimenduak elkarretaratzea deitu du Maiatzaren Lehenerako. Kontseilu Sozialistak deitutako elkarretaratzearekin bat egin dute eta bertan izango dira bi taldeak, beren aldarrikapenekin. Hitzordua arratsaldeko 18:00etan izango da, plazan.

Hona hemen Zestoako Pentsiodunen Mugimenduak Maiatzaren Lehenaren harira plazaratutako gutuna:

Maiatzaren Lehena eta pentsiodunak

“Zestoan ere pentsiodunen mugimenduak elkarretaratzea deitu du plazan, larunbatean, maiatzaren 1ean, arratsaldeko 18:00etan. Astelehenero, 12:00etan, eskari-pankarta batekin kontzentratu gara:

– Gutxieneko pentsioa: 1.080 €-ra igotzea

– Osasun Publikoa: lehen mailako laguntzan langile gehiago

– Zaintza: Zaintza Sistema Publikoa eta doakoa.

Eusko Jaurlaritzak, Espainiakoak eta Europakoak, neurri handiagoan edo txikiagoan, eta batez ere, hiru Aldundiek zerbitzu publiko guztien pribatizazioa inposatu nahi digute. Sektore batzuetan modu progresiboan egiten dute, eta beste batzuetan lotsarik gabe:

BANKA

– Aurrezki Kutxak zirenak orain banku handiak dira, diru publikoarekin beren krisiak konpontzen dituztenak. Gure diruarekin, beraien helburu bakarra, ahalik eta etekinik handiena ateratzea da. Eta ez zaie axola gu botata uztea, gero eta sukurtsal eta jendearentzako ordutegi gutxiagorekin. Batez ere gure dirua kudeatzeko arreta pertsonalizatua behar dugunok.

PENTSIOAK

– 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ez dute onartzen. Ez da lehentasuna. Rajoyren pentsioen erreforma, pentsio berri askotan murrizketak eragin dituena, ez da erretiratu. Baina, hori bai, Europako funtsetatik abiatuta, murrizketak iragarri dituzte. Erretiro aurreratuak zigortuz erretiro-adina luzatzea eta pentsioa kalkulatzeko urte gehiago kontuan izatea da egosten ari dena. Eta horrekin batera pentsio-funtsen propaganda handia. Norentzat?

OSASUNA

– Osasungintza pribatua sartzeko bidea hartu dute: Osakidetzako anbulatorioetan langile murrizketak eta IMQren propaganda asko egin.

ZAINTZA

– Multinazionalei eta putre-funtsei adinekoen egoitzetako sarrera eman zaie Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Inoren baimenik gabe, Espainian bezala. Zerbitzu hau gure zergetatik ateratzen diren etekin handiak oparituz konpondu nahi izan dute.

Kontseilu Sozialistako gazteak ere, beren aldarrikapenekin, elkarretaratzean gurekin izango dira. Astelehenero gure problematikarekin solidarizatu izan dira.

Hau guztiagatik, eta Euskal Herriko emakume eta gizon guztiei elkartasuna adieraziz, Zestoako Pentsiodunen Mugimendutik kontzentrazio honetara gonbidatuko zaituztegu.”

Zestoako Pentsiodunen Mugimendua




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide