Albisteak
Pentsiodunen mugimenduak astelehenetako elkarretaratzera dei egiten du
— 2023-01-14Bost urte bete ditu Pentsiodunen Mugimenduak. Zestoan zertxobait gutxiago beranduxeago hasi zirelako elkartzen. Urteurrenaren harira balorazioa egin du Zestoako Pentsiodunen taldeak. Honen arabera, “aurreko abenduan pentsioaren % 8,5eko igoera onartu zen. Kotizaziopeko pentsioak, 2021eko abenduaren eta 2022ko azaroaren arteko bataz besteko KPIari dagokiona urtarrilean eguneratuko da. Kotizazio gabekoak, aldiz, %15arekin eguneratuko dira”.
Taldearen arabera “borrokaren bidetik lorpenak etorri dira, besteak beste % 0,25 gelditzea, alarguntza-pentsioei dagokien ehunekoa hobetzea, iraunkortasun-faktorea aplikatzea eragoztea eta % 8,5eko igoera”.
Hala ere, Pentsiodunen taldeak uste du bide onetik baldin badoaz ere “aldarrikapen garrantzitsuak daudela oraindik lortzeko: erosteko ahalmenaren galera 2011tik, 2021 eta 2022 urteak barne, eta 1080 euroko Gutxieneko Pentsioa, besteak beste.
Herri mailan ere badituzte zereginak: “zaharrentzako lokal egokia falta zaigu, pentsio baxuak dituzten alargun askoren gaia lantzeko komisioa eratzea, zaintza komunitarioren bigarren fasean urratsak ematea, irisgarritasuna hobetzeko plangintzari bultzada bat ematea…”
Amaitzeko, taldeko kideek astelehenerako elkarretaratzera bertaratzeko gonbidapena egiten dute “gure eskubideak defendatzeko, indarrak batzea da bide zuzenena eta inoiz etorri bazara, edo ez, animatu elkarretaratzera urtarrilaren 16an, 12:00etan Gurutzera.
Egin zaitez bazkide