Albisteak

Peru Llanosek irabazi du Uztapide bertso paper sariketa

Errallak, hil honetan, Uztapide bertso paper sariketa antolatu du. Gaur, uztailak 24, lehiaketara aurkeztu diren bertsoak abestu dituzte Laranjadi plazan. Peru Llanosek irabazi du sariketa, eta bere bertsoak kantatu ondoren, Aitor Salegik jarri dio txapela.

Erralla bertso eskolako bi ikaslek abestu dituzten bi bertsorekin hasi da saioa. Aurtengo ikasturtean berreskuratu dute haurren bertso eskola, Errallako kideek nabarmendu dutenez.

Laranjadin bertsoak kantatu ondoren, bertso bazkaria izan da Jubilatuen tabernan, Oihana Iguaranekin eta Iñaki Apalategirekin.

Errallako kideak gustura daude, jende asko aurkeztu ez bada ere, aurtengo helburua sariketa berreskuratzea izan baita. Urtetik urtera, indarra hartuko duela espero dute.

Aurtengo bertso-sorta irabazleak “Hau ez da berria” izenburua dauka, eta Peru Llanosek idatzi du. Ondorengo lerroetan daukazue irakurgai, eta jarraian, ekitaldiko argazkiak.

Doinua: Xabier Silveiraren “ETAren su-etenetik

1. Zure begien dizdira

bilakatu da desio.

Zure irrifar “maltzurra”,

amets “gaiztoen” pasio.

Zu ezagutzea daukat

azken aldian misio,

ezustean bihurtu da

nahi gabeko obsesio,

gerturatzen saiatzen naiz

dagoenean okasio,

baina lotsa gailentzen da

mila dardar inbasio

alkohol gradu altuenak

zurekin ez du balio.

2. Parrandan ere ezina

izotz urtuan irrista

zeinen itxia daukaten

autoestima pista,

Napoleon izan nahi dut

urrutira bota bista

teknologiaz lagundu

dena zein surrealista

pikutara protokolo

izan nadi egoista

armiarmaren dohaiak

ditugu protagonista

sarean murgilduko naiz

hasi dadila konkista

3. Sare sozialen mundua

horrelaxe deritzaio

nahiz harreman sozialei

arrivederci ta aio.

Perfilean sirena du

ze arrai ta ze arraio

tutikan ez det ulertzen

baina gertura natzaio

bere laguna “klik” batez

izatea ez nun nahio

sentidurikan ez duen

lekuan ote naiz jaio?

Armiarmai hankak eta

arraiai zer falta zaio?

4. Ordenadore pantaila

eta wifia harresi

emotikonoak dira

bihurtuko kupido gezi.

Idatzi dizkiot jada

hamar-hamaika poesi

doinu, errima ta neurriz

gutxio ez zuen merezi

erantzuna hutsartea

sentitu ahal da berezi?

Irudimena landuaz

egin hainbat hipotesi

hutsartea luzatu da

orain ni noa ihesi.

5. Erantzun eza daukagu

piztu ezin leiken sua

halakoxea daukat

nere maitasun kasua

su garra ez itzaltzea

neretzako probetxua

erreta bukauko banu

galduko nuke pultsua

probau gabe ezin jakin

ze lore den pozoitsua

begiak irikitzeko

eman behar det pausua

zein ostiak esan zuen

maitasuna da itsua.

6. Istori berberak beti

amaiera bortitza,

ate guztiak itxita

galdurik al dago giltza?

Lehiotik lotsa airera

haizeak eman du hitza

astindu ditu goi ta behe

baretzeraino ekaitza

sentimendu aldakorren

parabola da bizitza

amorerik eman gabe

beroan bila gabiltza

egunero irtetzen da

berriz eguzkian printza.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide