Albisteak

“PIANO BAT BERTSOTAN” XV. URTEMUGA OSPATZEKO

Bihar Danbolinen XV. urtemuga ospatuko dugu Piano Bat Bertsotan ikuskizunarekin. Danbolin aldizkariaren lehen publikazioa duela 15. urte argitaratu zen, eta data konkretu hori herritar guztiokin ospatu nahi dugu. Beraz, zestoar guztiak gonbidatu nahi ditugu ospakizunera. Ospakizuna udaletxeko arkupetan izango da, 22:00etan hasita.

Euskal Kanten inguruko inprobisazio saio bat bezala aurkezten da Piano Bat Bertsotan proiektua, eta bertako partaideetako bat Jagoba Astiazaran zestoarra da. Joana Ortegak eta Sebastian Ustarrozek osatzen dute taldea, eta biharko ekitaldian Beñat Gaztelumendi bertsolari gonbidatua batuko zaie. Ikuskizun honetan,  publikoa da gai jartzailea. Entzuleak, orri txuri batean kontzertuan entzun nahi duen euskal kanta idatzi behar du. Modu horretan, inolako trikimailurik gabe, musikariek momentuan ateratako kanta jo beharko dute. Zuzeneko inprobisazioa, ez dago ezer prestatua, publikoak erabakiko du zer entzun eta abestu nahi duen. Jagoba Astiazaranek herritar guztiak gonbidatzen ditu biharko ospakizunera bideo honen bitartez:

Astiazaranek ongi esan moduan, 22:00etan kafea eta pastak banatzen hasiko gara ospakizunera batzen diren guztientzat. Eta jarraian, giroa piska bat berotzen denean, Piano Bat Bertsotan hasiko da.

 

PBB_web




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide