Albisteak
[PINTADA] Arteagako sarrera eskasa
— 2025-03-24Egia da Arteaga Auzunearen sarrera-irteerak inoiz ez direla izan autoentzat erosoenak, baina, gaurdaino, ondotxo moldatu izan gara auzora sartzeko. Errepidean egin berri diren lanek, ordea, panorama okertu dutela esango nuke.
Batetik, goiko sarrerako malda bikoiztu dute, lehenagotik zegoena baino gehiago okertu, espaloia jarri eta errepidea estutu dute. Ondorioz, sarrerako malda deserosoa izateaz gain, arazoak ematen ditu; besteak beste, autoa errazago kalatzen delako, behea jotzen duelako… Bestetik, beheko sarrera-irteerako malda ere are handiagoa egin dute. Hortaz, hemen ere, oso-oso motel joan ezean, kotxeak bajua jotzen du.
Aitortzen dut, nire gidatzeko doteak ez direla hoberenak, baina ez da kasualitatea autoarekin bila pasa zaizkidan lagunen ahotik komentario berdinak entzutea: “joe, ze gaizki dagoen sarrera!” ala “bada, hurrengoan abisatu eta motelago sartuko naiz maldan!”. Geroztik, ohitura hartu behar izan dut lagunei aurrez abisatzea kontu handiz sartzeko auzoan, bestela, martxa honetan, ez zaizkit gehiago bisitan etorriko! Gauzak diren bezala; errepidea ezagutu ezean, auzora lehenengo aldiz etortzean ez da erraza egoki sartzea.
Eskertzekoa da auzokideengan pentsatuta obrak egin izana, baina, kasu honetan, ez dut uste aziertoa izan denik aldaketok egitea.
Larraitz Blanco
Egin zaitez bazkide