Albisteak

[PINTADA] Denok espazioa izango dugun herria

Udaberriarekin egin dute gora graduek, eta uda sasoian sartzera goazen honetan ari dira egunak luzatzen. Ikasleek ere pasa dituzte euren azterketa garai gogorrenak eta lagunartean, kalean, aprobetxatu ohi dituzte momentu eder hauek.
Pandemiak itzalitako kaleak piztu dira berriz eta poza ematen digu tabernetan jendea ikusteak. Negozio gisa ere beharrezkoa zaigu, arnas apur bat ematen baitigu gure lanarekin jarraitzeko. Fakturak ordaintzeko eta gure bizimodua aurrera ateratzeko urteko sasoi garrantzitsuenetarikoa da uda guretzat.
Denok atsegin dugu, lagunartean, uda giroko egunetan, iluntzetako egonaldiak pixka bat gehiago luzatzea. Elkarbizitza osasuntsu baten alde egiten dugu, noski, baina denok bizi behar dugu. Beraz, denok espazioa izango dugun uda sasoia aldarrikatu nahi dugu: bizilagunen deskantsua errespetatzen duena, eta terrazetan egonaldia lasai egin nahi dutenena ere bai.
Herri txiki honek jendea kalean, lagunartean, ibiltzea behar du, ondo pasatzea eta elkarrekin gozatzea. Horrela izan ezean, kaleak hustu eta lotarako soilik bihurtzeko arriskua izango baitu Zestoak.

Zestoako tabernariak




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide