Albisteak

Osteguneko plenoan 2024ko aurrekontua aho batez onartu zuten

Zestoako Udalbatzak aho batez onartu zuen 2024. urterako aurrekontua, 7.467.976 euro guztira, aurreko urtearekin alderatuta 1,2 milioi euro gehiago. Inbertsioa izango da gehikuntza horren onuradun nagusia, eta 700.000 euro gehiago bideratuko dira funtsezko proiektuetara.

Alkateak, Mikel Arregik, aurrekontuan lehentasuna duten hiru proiektu nabarmendu zituen: Irikaitz denbora-lerroa egiten hastea, Zubiaurren aisialdia, kirola eta ondare arkeologikoa elkartuko dituena; Kaleokerren, Alde Zaharrean, hamar etxebizitza erostea, berehalako eraispen-planekin eta Eusko Jaurlaritzaren Visesa sozietatearekin batera etxebizitza sozialak eraikitzeko azterlana eginez; eta GI-631 errepidea berregokitzea, oinezkoei lehentasuna emateko eta ibilgailu pribatuen mendekotasuna murrizteko ikuspegiarekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Irikaitz denbora-lerroa proiektua baimendu du, lizitazioa aterako du udalak eta 250.000 euroko aurrekontu-esleipenarekin datorren udarako aurreikusten da bizikleta-zirkuitua prest egotea. Kaleokerreko etxebizitzak erosi eta eraisteko 360.000 euro erabiliko dira. Gainera, Aldundiarekin elkarlanean proiektu bat garatu da GI-631 errepidea berregokitzeko, 1,5 milioi euroko aurrekontuarekin, eta Errepide Sareak 500.000 euroko dirulaguntza emango dio udalari.

Alkateak azpimarratu zuen kiroldegiko gastuen zati handi bat egina dagoela, 200.000 euroko inbertsio gehigarria 2024an eta 600.000 euroko dirulaguntza onartua duela Aldundiaren eskutik. Aurrekontuetan hasieran 668.401 euroko desoreka egon arren, Arregik adierazi zuen datorren urterako aurreikusitako laguntzek ez dutela mailegurik behar izango.

Oposizioak inbertsioen gehikuntza eta aurrekontu orokorraren onarpena babestu zituen.

Plenoa amaitu eta jarraiza ezohiko batzarra egin zuten bertaratutakoek. Zestoa eta Urepele  senidetzearen tramiteen ofizizializatu eta Iñaki Azkune zestoarrari aitortza egitea onatu zuten aho batez.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide