[POSTONTZIA] Haurren jolasguneak eta gurasoen hanka markak
— 2024-07-28Irrikaz geunden Uztapide plazako jolas-parkeko lanak noiz amaituko. Hilabete luzeko lana izan da zer egin pentsatu, proposatu, Udaleko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan ideiak defendatu eta gauzatzea. Kiroldegiko aterpea egiteko lanek atzeratu arazi egin dute umeen parkearen eraberritzea, baina azkenean bai, estreinaldia iristear da. Haur txikienentzat txirrista duen autobusa, jauziak egiteko ohe elastikoa, sokazko piramidea eta mahai jolasetan ibiltzeko egiturak ipintzen ari dira. Ia berrogei mila euro, bi urte eta tonaka ilusio jarrita daude bertan.
Zubiaurreko aisialdi gunea ere hasi da itxura hartzen. Hondeamakinak bertan daude eta eremua hesituta dago. Gaztetxo eta nerabeak ezin gogoari eutsi eta probatzen ari dira. Esperotzekoa. Baina haurrak ez dabiltza bakarrik, gurasoekin sartu dira oraindik obretan dagoen eremura. Uztapide plazako jolas parkean beste horrenbeste, umeak ibili dira gurasoek lagunduta. Noiz bihurtu gara guraso jendea ezetz esaten ez dakien espezie lotsa emangarri? Ezetz esatea eta itxaroten erakustea derrigorrezko ikasgaiak dira bizitzan, baina antza gurasook ez gaude gure haurrei ezetz esateko prest. Nahiago dugu umeekin debekatutako lekuetan ibili, nahiz eta horrela jolas parkean kalteak eragin eta umeen aurka jardun. Kautxuzkozko lurra lehortu gabe zegoen, zapaldu egin dute eta zuloak sortu. Egunez ibili da guraso jendea umeekin eta gauez, noizbait haur izan zirenak, txikizio eta erreketak eginez. Obretako materiala apurtu dute, tranpolin berriak kaltetu, eserleku berrien babesgarriak erre, plastikoak pilatu eta su eman. Ez da aurrenengo aldia. Urtarrilean eskola txikiko patioko parkeko zenbait elementu ere erreta azaldu ziren, konpondu eta ikasturtea amaitu aurretik berriz egin zuten balentria.
Bandalismo ekintzak gero eta sarriago ari dira gertatzen. Inork ez du ezer ikusten, inork ez du ezer esaten. Hurrena kamerak jarri edo zigorrak ipintzen hastea mahai gainean jartzen dutenean, gure umeentzat gizarte zigortzailerik ez dugula nahi esango dugu.
Orduan, utzi egin beharko diogu gure haurren morroi eta konplize izateari. Esklabo, nahi dutena egiten uzten badiegu eta gainera debekuen gainetik beraiek esandakoak egin, eta konplize, beren ekintzen ondorioen arduraz libratzen laguntzen badiegu. Ez gurasook, geuri dagokigu kargu egitea eta ez geureari dagokionean bakarrik. Noizbait ume ginenok ere egiten genituen barrabaskeriak. Gurasoak aurrean baziren, haiek egiten ziguten errieta, eta igual igual parean tokatzen zen bizilagun, herritar edo edozein helduk.
Heziketa eta zaintza denon ardura ziren. Orain ordea, ume bati errieta egin ezkero, gurasoa da kontuak eskatzen dituena. Ez umeari, kargu hartu dion helduari baizik.
Pentsatu beharko genuke ustez gure umeen defentsan geure buruari zenbateko kaltea egiten ari garen.
Ekain Guraso Elkartea
Egin zaitez bazkide